Langabeziak gora egiten jarraitzen du, irailean, abuztuan baino 13 langabetu gehiago zenbatu dira

2015/10/02
Langabezia tasa, % 8tik gora joan da berriro, % 8,09 da une honetan

  Langabeziak hirugarren hilabetez jarraian gora egin du gurean. Ekainean 385 langabetu zeuden Oñatin, iraila amaieran berriz, 40 gehiago, 425. Azken hilabetean herriko 13 lagun gehiagok eman dute izena Lanbideko bulegoan. Aipagarria da, orokorrean langabeziak gora egin duela gizon nahiz emakumezkoen artean baina, 25 urte bitarteko gizonezkoetan eta 25 eta 44 urte arteko emakumezkoetan, pitin bat murriztu egin dela.

  Udaberrian langabeziak nabarmen behera egin zuen gurean eta apirila, maiatza eta ekainean zehar, 88 langabetu gutxiago kontabilizatu ziren Lanbideko bulegoetan. Udan ordea, joera irauli da eta 40 langabetu gehiago zenbatu dira. Horrek, lau hilabetez, langabezia tasa % 8aren azpitik kokatu ondoren, muga horren gainetik eraman du berriro. Une honetan, Oñatiko tasa, % 8,09 da. 

  Historikoki, iraila, kontratazio berriak egiteko eta ondorioz, langabeen kopurua murrizteko hilabetea izan da gurean. Herriko enpresen ezaugarriek hala eraginda, udazken-neguko kanpainari aurre egin ahal izateko, kontratu berriak sinatu ohi ziren urte sasoi honetan. Aipagarria da ordea, azken hiru urteetan  joera historiko hori apurtu egin dela eta 2013 eta 2014an gertatu bezala aurten ere, irailean, langabeziak gora egin du. Azpimarratzekoa da dena den, udazkeneko hilabeteetan langabetuen kopuruak behera egin ohi duela Oñatin. Ea aurten zer gertatzen den.

  Orain urtebeteko datuekin aldenduz gero bestalde, hilero aipatzen dugun bezala, egoera hobea da. Iazko iraila amaieran, 488 langabetu zeuden herrian eta orain, 63 gutxiago dira. Langabezia tasa ere, orain urtebete baino ia puntu eta laurden baxuagoa da.

  Oñatin irailean izan den igoerak, orokorrean Gipuzkoan eta Hego Euskal Herrian izan den jaitsierarekin talka egiten du. Gipuzkoan, 68 langabetu gutxiago zenbatu dira azken hilabetean eta Hego Euskal Herrian berriz, 871 gutxiago. Oñatin berriz, langabe kopuruak gora egin du eta abuztuan baino 13 gehiago erregistratu dira.

Iturria: Oñati Irratia