Langabeziak behera egin duen arren, orain urtebete baino langabe gehiago dago Oñatin

2016/07/04
Maiatzean baino 13 langabetu gutxiago daude baina iazko ekaina amaieran baino 18 gehiago

  Udaberri amaierako hilabeteak onak izan ohi dira gurean lan bila dabiltzanentzat, eskaintza ugaldu eta aldi baterako lana topatzen dutelako. Ondorioz, langabeen kopuruak behera egiten du. Maiatza eta bereziki ekainean ere hala izan da. Baina 2016an, orain arte eman diren datuak ikusita, enplegua egonkortu eta sendotu ezinda dabilela esan behar da. Hilabetez hilabete gora behera txikiak erregistratzen ari dira; maiatza amaieran, langabezia urtarrila amaierako kopuru berera itzuli zen, eta orain, ekaina amaieran, otsaileko datuaren pare geratu da. Orain arte, urtebeteko datuekin konparatuta aldeak esanguratsu eta positiboagoak ziren, baina ekainean ez da joera errepikatu eta iazko ekainean baino langabe gehiago kontabilizatu dira, 18 gehiago. Oñatin. Iazko ekainean 385 langabe zeuden eta pasa den ostegunean berriz, 403.

  Azken hilabeteko datuei erreparatuta, 13 langabetu gutxiago zenbatu dira eta ia denak emakumeak dira, 12. Gizonezkoen langabezia, ondorioz, kasik parean, alde nabarmenik gabe, mantendu da azken hilabetean.

  Orokorrean, Hego Euskal Herrian ere, langabeziak behera egin du ekainean,  5.105 langabe gutxiago zenbatu dira. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan 184.000 langabe erregistratu dira  eta maiatzako datuekin alderatuta, Bizkaian jaitsi da gehien langabezia. Gizarte Segurantzako afiliazioari dagokionez berriz, apur bat gora egin du Euskal Autonomia Erkidegoan, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren arabera.

Iturria: Oñati Irratia