Lan eskaintzetara aurkezteko prestaketa tailerra egingo da otsailaren 3an

2020/01/17
Debagoieneko enplegu azokaren baitan antolatu da tailerra eta izen-emateko epea zabalik dago

  Otsailaren 13 eta 14rako antolatu du Mankomunitateak Debagoieneko Enplegu Azoka. Arrasaten, Garaia Parke teknologikoan egingo da eta enpresak eta lan bila ari diren bailarako pertsonen topagune izan dadin antolatu da.

  20tik gora erakunde eta enpresek parte hartuko dute Enplegu azokan. Enpresek euren negozio ereduak azaltzeko baliatuko dute azoka; eta negozio eredu horiek betetzeko zein profiletako pertsonen beharra duten zehaztuko dute. Mankomunitateak 38 lan eskaintza aukera zerrendatu ditu eta horietako zenbaitetarako elkarrizketak hitzartu daitezke www.debagoiena.eus ataritik. Izan ere, lan bila ari diren pertsonek enpresen aurrean euren hautagaitza eta profila azaltzeko aukera eskainiko baita Enplegu azokan.

  Stand ezberdinetan kokatuko dira azokan parte hartzen duten enpresak, eta bertan garatuko dituzte jendearekin hartu-emanak. Enpresek zehaztu dituzten lan eskaintzatara presentatu ahal izateko aurrez izena eman behar da. Baita enpresa ordezkariekin elkarrizketak hitzartzeko ere, lehen esan bezala.

  Balizko langileek enpresen aurrean beraien buruak ahalik eta hobekien aurkeztu ditzaten, oinarrizko gakoak lantzeko tailerrak egingo dira Oñati, Arrasate eta Bergaran. Oñatikoa, otsailaren 3an izango da, Euskadun berria aretoan, 9:30tatik 12:30tara. Parte hartzeko izena eman behar da baita ere.

  Informaziorako nahiz izen-emate ezberdinetarako www.debagoiena.eus/enpleguazoka web atarira jo behar da edo 943 793 090 telefono zenbakira.

Iturria: Oñati Irratia

Enplegu azokaen aurkezpena (Arg:Goiena)