Konstituzio auzitegiak Kataluniako kontsulta behin behinekoz bertan behera uzteko hartu zuen erabakiari buruzko mozioa aho batez onartu zen azken Osoko Bilkuran.

2014/11/04
Bilduk proposatutako idatzia, Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutakoarekin osatu zen.

  Hasierako proposamenak lau puntu jasotzen zituen. Herriek eta pertsonek beren etorkizuna demokratikoki erabakitzeko askatasuna defenditzen zen lehenean, etorkizuna inposizioekin ezin dela eraiki zehaztuz. Era berean, Oñatiko udalak bere desadostasuna azaltzen du Espainiako gobernuak aurkeztutako errekurtsoarekin eta Konstituzio auzitegiak hartutako erabakiarekin. Eta ondorioz, Konstituzio epaitegiari bere erabakian atzera egiteko eskatzen dio.
Laugarren eta azken puntuan, udalaren erabakia, Espainiako gobernuari, Konstituzio auzitegiari eta Kataluniako Generalitateari bidaltzea proposatzen zen.

  Jeltzaleek, oinarrizko idatzi hori, Gipuzkoako Batzar Nagusietan adostu eta onartutako beste zenbait punturekin osatzea proposatu zuten. Azkenean, eta hasierako mozio idatzia osatuta, udalbatzak aho batez onartu zuen Konstituzio epaitegiari eskatzea atzera egin dezala Kataluniako kontsulta behin behinekoz bertan behera uzten duen erabakian.

  Gaur bertan jakinarazi da Konstituzionalak tramiterako onartu duela Espainiako Gobernuak jarritako helegitea, eta horrek automatikoki indar gabe utzi duela igandeko galdeketarako prestaketa oro. Generalitateak ordea, debekuen gainetik galdeketari eusten dio.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!