Kiroldegian eskaladarako estruktura hornitu eta instalatzeko lizitazioa abian du udalak

2020/11/10
Card image cap
Orain arteko ekipamendua osatuko da bi squash gela hartuta

  Kiroldegia berritzeko lanen baitan, lehengo bi squash egokituko dituzte eskaladarako gune berria sortuz. Lehengo rokodromoarekin komunikatuta egongo da gune berri hau, bi espazioak eskalada praktikatzeko gune bakar bihurtuz. Denera, 240 m2-ko espazioan egokituko da bulder ekipamendua.

  Orain, gune horretarako estruktura hornitu eta instalatzeko lanak lizitaziora atera ditu udalak. Kirol-ekipamenduaren kontratazio globala egingo du udalak. Hautatzen den enpresak espazioa diseinatu, proiektatu, hornitu eta instalatu beharko du; eskaladako panelak, horiek eusten dituzten egiturak, eskaladako blokeak edo ibilbideak, baita instalazio horiek dituzten presa eta bolumenak ere hornitu eta instalatu beharko ditu. Abiatu berri den hornidura eta instalazio lizitazioaren gehienezko prezioa 112.530 eurotan finkatu da, eta lanak egiteko epea 4 hilabetetan, gehienez.

  Lanak esleitzerakoan txosten teknikoa bereziki baloratuko da, puntuazio osoaren % 70a izango baita. Prezioa, bermealdia handitzea, egikaritza epea murriztea eta bolumenen hornidura gehigarria % 30az baloratuko da. Objetiboki ebaluatu ezin diren irizpideen balorazioa egiteko, Aloña Mendi kirol elkartearen mendi eta eskalada sailaren laguntza eskatuko du udalak.

  Kiroldegian eskaladarako estruktura hornitu eta instalatzeko lizitaziora aurkeztu nahi duten enpresek hil amaiera arte, azaroaren 30era arteko epea dute eskaintzak aurkezteko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!