Kaligrafia karolinaren eta humanistaren ikastaroa eskainiko da Gandiaga Topagunean bihar eta etzi

2019/07/18
Arantzazu idazkera ederraren artean murgilduko da bosgarren urtez jarraian

   Gandiaga Topaguneak 5. Kaligrafia Jardunaldiak hartuko ditu bihar eta etzi. Hala, Arantzazu Gaur Fundazioaren eta EHUko LETRAZ Diseinu Grafikoko eta Tipografiako Ikerketa Taldearen artean 2015ean hasitako lankidetzak jarraitzen du. Jardunaldiok  Arantzazu Letraz Gunea proiektuaren baitan antolatu dira.

  Aurtengo jardunaldiek bi letra mota landuko dituzte: karolina eta humanista. Karolina letrak VIII. mendearen amaieran du jatorria. Unibertsala eta irakurterraza izan zedin egin zuten. Harmonian eta irmotasunean oinarrituta, letra ederra osatu zuten. Erabilera Europa osora hedatu ostean, mendeetan erabili zen. Halaber, Humanismoaren garaiko ordezkariek humanista deritzon letra motari heldu zioten beraien idatzietan. Argitasuna, edertasuna eta dotorezia ditu ezaugarri nagusi. Inprimatzeko lehen prentsa makinen eskutik iritsi zitzaion zabalkunde soziala. Horretarako, letraren formak modelatu behar izan zituzten. Karolina eta humanista letra motak uste baino biziago daude ekosistema grafikoaren esparru inprimatuan eta kaligrafikoan. Izan ere, biak dira idazkera garaikidearen oinarri zein abiapuntu.

  Bi kaligrafia berezi hauek irakasten Ivan Castro kaligrafo ospetsua arituko da Arantzazun. Castrok kaligrafia eta lettering-a ditu ogibide. Bartzelonatik gertu du estudioa eta handik, nazioarte mailako proiektuetan aritzen da kaligrafo eta diseinatzaile grafiko gisa. Estudioko lana irakaskuntzarekin uztartzen du eta zenbait liburu ere argitaratu ditu. Kataluniarrak aurreko urteetako Joan Quiros, Oriol Miró eta Bego Viñuela kaligrafoen lekukoa hartuko du aurtengoan.

  Arantzazuko kaligrafia jardunaldiok lekua hartu dute esku-idazkeraren zaleen artean. Hitzorduak arrakasta handiz lantzen du idazkera ederraren artea 2015etik eta Arantzazu erreferentziazko leku bilakatu da kaligrafia lantzeko. Plazak mugatuak izaten dira eta zeuden 20 lekuak izen-ematea ireki eta egun gutxiren buruan bete ziren.

  Kaligrafia karolinaren eta humanistaren ikastaro Arantzatzu Letraz Guneak antolatu du, Tamayo Arrasateren babesletzarekin eta Caligrafía Bilbao estudioko Bego Viñuelaren laguntzarekin. Jardunaldiak bihar 16:00tan hasiko dira eta larunbatean, egun osoz aritu ondoren, 19:00tan amaituko dira.

Iturria: Oñati Irratia