Kalegoienako aparkaleku publikoa gauez itxiko da.

2014/11/03
Bertan utzitako autoak atera ahal izango dira baina ez sartu, gauerditik goizeko 7ak arte. Oinezkoen atea ere kode bidez ireki beharko da.

  Aldaketa hauek gaur bertan sartuko dira indarrean.

  Kalegoienako lurrazpiko garajean plaza jabetzan dutenen eskaerari erantzungo zaie horrela. Segurtasun gehiago eskatzen zuten eta hori oinezkoen eta ibilgailuen sarreretan aldaketak eginda lortuko dela uste dute udal arduradunek.

  Oinezkoen sarrerari dagokionez, Kalegoienako jolasgunetik dagoen atea irekitzeko kode bat tekleatu behar da gaurdanik. Atea barrutik, arazorik gabe irekitzen da. Hau da, aparkalekutik irteteko atea automatikoki irekitzen da baina kaletik goazela sartzeko aparkalekuko txartelaren zenbakia markatu, tekleatu behar da. Arazoren bat tarteko, atea irekitzen ez bada, bertan adierazten den telefono zenbaki batera deitu behar da. Telefonoa, Arrasateko enpresa bati dagokio. Oinezkoen sarrera 24 orduz zaintzen duen enpresa bati dagokio. Gaur goizean aktibatu da sarrera kodea eta lehen ordutan behintzat ez da arazorik sortu.

  Autoen sarrera ere mugatu egingo da gaurtik aurrera ezingo baita gauez  bertara aparkatzera sartu. Kalegoienako aparkalekuaren sarreran hesia ez ezik atea ere badago. Ate hau gaurtik aurrera gaueko 12etatik goizaldeko 7ak arte itxita egongo da eta ondorioz, ezin izango da autoarekin bertara sartu. Irten bai, irten ahal izango da aparkalekuko hesia jasotzen duen txartelak atea ere irekiko baitu.

  Baina pasa den astean aurreratu genizuen bezala, gogoan hartu Kalegoienako aparkalekura sartzeko ordutegi-muga hori aparkalekuaren erabilera publikoari eragingo diola bakarrik. Garajean plaza pribatua duten jabeek aparkalekuko atea eta hesia irekitzeko giltza daukate eta edozein ordutan sartu eta irten daitezke bertatik, egunez nahiz gauez. Baina zerbitzu publikoari dagokionean, Kalegoienako aparkalekua gaueko 12etatik goizaldeko 7ak arte itxita egongo da gaurtik aurrera eta ezin izango autoz bertara sartu.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Oñatiko Udala