Justizia administrazioa eta legelaritza aztergai dira berriro Lege Soziologia Institutuan

2019/06/27
Urte ezberdinetan Oñatin osatu den bilera trilogia baten azken saioa da gaur hasi den mintegia

  Auzi gehiegi? Faktoreak, arrazoiak, ondorioak eta konponbideak da Unibertsitate zaharrean gaur hasi den mintegiaren izenburua. Lege soziologiako azpigai handietako baten inguruan eztabaidatzen ari dira gaur goizetik bertaratu diren 20ren bat aditu; hau da, justizia administrazioaren instituzioaz eta legelaritzaren inguruko lanbide edo profesioaz. Aztergaia oinarrizkoa da lege soziologia arloan eta mintegi honetako adituak ezagunak oso Oñatin, urte ezberdinetan gaiaz eztabaidatzeko bilerak egin baitira bertan. Gaur hasi dena, bilera trilogia baten azken saioa izango da. 

  Eztabaida zazpi atal edo sesio nagusitan egituratu da. Goizeko lehen batzarrean eztabaidagaia bera zehaztu da eta eguerditik aurrera berriz, justiziarako sarbide aukerak aztertu dira, auzietara gehiegi edo nahikorik ez jotzen ote den finkatzeko. Arratsaldean, bolumen kontrolaz eztabaidatzen jarraituko dute. Biharko lehen hiru saio nagusitan: abokatu eta lege ordezkariez, lege sistema ezberdinak eta horien arteko konparazioa egingo dute adituek. Bihar arratsaldeko azken saioan berriz, ondorioak atera eta etorkizuneko argitalpen eta pentsamenduen inguruko mahai-ingurua egingo da.

  Lege Soziologia institutuaren 30. urteurrena ospatzeko lehengo astean egin zen nazioarteko kongresu arrakastatsuaren ondoren, institutuak mintegien ohiko jardun eta egitarauari eutsi dio berriro gaur.

  Ekainaren 19tik 21era egin zen nazioarteko kongresuak erabateko arrakasta izan zuen bai akademikoki, baita antolakuntza aldetik ere. Mundu osoko 300 bat lagunek parte hartu zuten, eta sesio akademiko guztiak interes eta gaurkotasun handikoak izan ziren. Aipagarria da gainera, inaugurazio ekitaldian Francisco Caballero irakasleari, omenaldia egin zitzaiola. Oñatiko Lege Soziologia Institutua sortzen lagundu zuenetako bat izan zen Kiko Caballero eta beste hainbat aditurekin batera duen aitatasun hori aitortu zitzaion.
 

Iturria: Oñati Irratia