Jendetza saharar herriari elkartasuna eta babesa erakusteko

2020/11/23
Card image cap
Ehunka lagun bildu ziren atzo plazan egin zen elkarretaratzean

  Oñatin bizi den saharar komunitateak deitu zuen atzoko elkarretaratzea, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Mendebaldeko Saharan hilaren 13an piztu zen gerraren berri eman zen, saharar herriaren eta herritarren eskubideak etengabe urratzen direla salatu eta gerra amaitzeko bide bakarra autodeterminazio erreferenduma dela aldarrikatu zuten bertaratutako sahararrek. Nazio Batuen utzikeria, Espainiako Gobernuaren erantzukizuna eta Marokoko erreinuaren ardura salatu ziren. Eta plazara hurbildu ziren oñatiarrei, Euskal Herriari orokorrean, erakutsitako elkartasuna eta babesa eskertu zieten.

  Jendetza bildu zen atzo eguerdian plazan, saharar herriari elkartasuna azaltzera. Ehunka herritar batu ziren, lurrean markatutako distantzia seinaleak gordeaz eta saharar herrikideek azaldutako aldarrikapenak txaloz babestuz. Saharar herriak erbestean bizitzen 45 urte daramatzala eta 1991tik autodeterminazio erreferenduma egitearen zain dagoela gogoratu zuten. Urte guzti hauetan Marokok sahararrak jazarri dituela eta hauen eskubideak etengabe urratzen aritu dela salatu zen. Gerra geldiarazteko bide bakarra autodeterminazio erreferenduma dela aldarrikatu zuten behin eta berriz sahararrek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!