Jarduneko udalbatzak azken bilerak egingo ditu gaur, Tokiko Gobernu Batzarra 17.00tan eta Osoko Bilkura Berezia 18:30tan

2019/06/12
Card image cap
Bietan gai bakarra, aurreko agiriaren onespena

  Horrela amaituko da ofizialki 2015-2019 legealdia, nahiz eta, benetako erreleboa larunbatean emango den. Orduan, udalbatza berria eratu eta alkatea aukeratuko da. Pasa den ostegunean egin ziren legealdi honetako azken ohiko bilkurak eta orduan eztabaidatu ziren gaien agiriak gaur onetsiko dira. Tramite hutsezko batzarrak gobernu taldearentzat nahiz udalbatzarentzat, baina lau urteko jarduna guztiz ixteko, egin beharrekoak.

  Jakin badakigu, bereziki gobernu ardurak hartuko dituzten EH Bilduko ordezkari berriek hainbat bilera egin dituztela udal mailan, teknikariekin eta jarduneko zinegotziekin, egoera pitin bat ezagutzen joateko eta gaien eskualdatzea errazago gauzatzeko, baina ofizialki zinegotzi kargua larunbatean hartuko dute.

  Larunbatean, 12:00tan egingo da udaletxeko areto nagusian zinegotzi berrien akta hartzea eta alkatea aukeratzeko bozketa. Ez da sorpresa handirik izango, gehiengo absolutua izaki, EH Bilduko zerrendaburua hautatuko da alkate eta Izaro Elorzak Mikel Biainen eskutik jasoko du herriko aginte adierazten duen txibita.

  Larunbateko irudia izango da hori. Azken Osoko Bilkuran, pasa den ostegunean, lore sorta eskutan zuen hunkitutako Lourdes Idoiagarena ikusi genuen. Bere taldekideek, publikoki eskerrak emanez agurrekoa egin baitzioten.  Azken Osoko Bilkura hartako akta onetsiko da gaurko bilkura berezian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!