Industria sortzaile eta kulturalen sektorera zuzendutako LEINN Ekintzailetza gradua Berlinen eskainiko du Mondragon Unibertsitateak

2020/07/08
Card image cap
Irailean hasiko da

  Unibertsitate testuinguruan ez zegoen industria sortzaile eta kulturalei zuzendutako eta norbere negozio-ekimenak lehen egunetik martxan jartzea helburu nagusitzat zuen ekintzailetza-prestakuntzarik, orain arte. Hori da udazkenean Berlinen martxan jarriko dena, kultura, sorkuntza eta ekintzailetza uztartzen dituen LEINN gradua, hain zuzen.

  Industria Sortzaile eta Kulturalek sektorearen hazkundean parte hartuko duten profil profesionalak sortzeko duten premiaren ondorioz landu da proposamena. LEINN gradua premia horiei enpresa-ikuspegitik erantzuteko asmoz iritsi da artearen eta kulturaren mundura.

  Industria Sortzaile eta Kulturala sektore estrategikoa da eta geroz eta garrantzia handiagoa du tokian tokiko ekonomiaren garapenean eta hirien biziberritzean. Ekonomia sortzaileak % 6,1eko ekarpena egiten dio munduko Barne Produktu Gordinari eta Europa mailan erreferentziazkoa den Berlinen BPGren % 12,3 da.

  Ekonomia sortzaileak eredu ekonomiko garbi, ekologiko eta jasangarriak proposatzen ditu. Hori dela eta, herrialdeak aspalditik ari dira horrelako programak martxan jartzen beren sormen-talentua aktibatzeko, atxiki eta sormen hori errentagarri egiteko. Emaitza garapen, hazkunde, lehiakortasun, bereizketa eta balio erantsiaren iturri agortezina da, baita jarduera tradizionaletan, bai oinarri teknologiko kulturaleko jardueretan ere.

  Hori dela eta, Mondragon Unibertsitateak, Mondragon Team Academy nazioarteko ekintzailetza-sarearen bidez, industria sortzaileetako LEINN gradua jarriko du martxan irailean Berlinen, espezifikoki industria sortzaile eta kulturalei zuzenduta. Ekimena, Tazebaez kooperatibarekin eta Europako kultur eragile aktibo eta berritzaileenetakoa den Last Tourrekin batera gauzatuko du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!