Herritarren ekarpenak kontuan hartuta osatu diren autobus zerbitzu berriak ezagutarazteko bilerak egingo ditu Aldundiak.

2014/10/13
Card image cap
Debagoienari dagokiona, etzi, eguaztenez, Arrasateko Kultur Aten izango da.

  Orain urtebete hasitako prozesua amaituz Gipuzkoako Foru Aldundiak autobus zerbitzu berria ezarriko du herrialdeko eskualde gehienetan 2015 urte hasieran. Hainbat emakida berritu behar zirela aprobetxatuta, zerbitzu berria herritarren iritzia eta ekarpenak kontuan hartuta prestatu du, herritarren beharretara egokitutako zerbitzu hobea eman asmoz.

  Debagoienean, eskualdean hasi edo bukatzen diren 14 autobus linea izango dira. Orain arteko planteamendua aldatuz, zenbait linea zirkular berri jarriko dira.

  Autobus zerbitzuaren kilometro kopurua handituko da, %33 gehiago egingo dutelarik. Ordutegiak luzatuko dira goizean goizago hasiz eta gauetan beranduago amaituz, baina maiztasuna ere areagotu egingo da.

  Arrasate eta Bergara arteko ardatzean, loturak, 15 minuturo egingo dira eta Oñatik, lotura zuzen gehiago izango ditu. San Prudentzio gainera, hainbat linearentzat koordinazio gune izango da eta erabiltzaileentzat erosoa izan dadin egokitu egingo du Foru Aldundiak.

  Beste eskualdeekin berriz, loturak hobetuko dira. Debagoiena eta Bilbo arteko zerbitzu azkarra izango da. Urola Garaiarekin orain artekoa baino maiztasun handiagoko zerbitzua jarriko da eta Urola Kostarekin ere lotura bideratuko da.

  Arrasate eta Zumarragako ospitaleetara joateko ordu erdiro zerbitzua izango dute bailarako herriek.

  Horiek urte hasieratik aurrera Debagoienean martxan jarriko den autobus zerbitzu publikoak izango dituen ezaugarri nagusiak. Baina honi buruzko informazioa eman eta orain arte herritarrekin batera eraman den prozesu parte hartzailearen ingurukoak azaltzeko, bilera irekia egingo da Arrasaten.

  Etzi, eguaztenean izango da, kultur Ateko areto nagusian, arratsaldeko 6etan hasita.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!