Herribus eta Arantzazuko jaiegunetako garraio publiko zerbitzua lizitaziora atera ditu udalak

2017/09/05
Card image cap
8 urterako kontratua egin asmo da

  Iazko urrian behin behineko izaeraz eta proba moduan abiatu zen herri mailako garraio zerbitzua egonkortzea erabaki du udalak. Hala, astelehenetik larunbaterako Herribus zerbitzua eta domeka eta jaiegunetako Arantzazuko zerbitzua bateratuz, biak kudeatuko dituen enpresa hautatu eta kontratatzeko deialdia kaleratu du.

  Zerbitzuak bete beharko dituen baldintza teknikoetan langileei eta ibilgailuei buruzkoak zehazten dira ,besteak beste. Hala, herritarrekin harreman zuzena izango duten gidariek euskaraz jakin beharko dute eta ibilgailuen kasuan, enpresak zirkulatzen ari den ibilgailuaz gainera erreserbarako beste bat gertu izan beharko du, ibilgailua hondatuz gero bi orduko tartean ordezkatu ahal izateko. ibilgailuen gutxieneko edukiera 28 bidaiarikoa izango da eta mugikortasun urriko pertsonentzat sarrera izango du.

  Astelehenetik larunbatera Herribusak bi linea zirkular beteko ditu erdigunea Ugarkalde eta Kasablanka auzoekin lotuz, orain arte bezala, eta San Martin auzoko zerbitzua ere mantenduko da. Gainera, uda sasoian Usakora zerbitzua jarriko da eta abuztu erdiko asteetan zerbitzuaren maiztasuna jaistea aurre ikusten bada ere, ez du etenik izango jai egun seinalatuetan izan ezik. Eta horietan, eta domeketan, Arantzazurako zerbitzua bete beharko du kontratatzen den enpresak. Kasu honetan udako eta neguko ordutegiak bereizten dira, orain arte bezala.

  Udalak, herri barruko autobus zerbitzu publikoa zortzi urterako kontratatu nahi du beste bi urtez luzatu daitukelarik. Lehen urterako ezarri den lizitazio aurrekontua 165.823 euro da. Horrek esanahi du lizitaziora aurkezten diren enpresek prezio horretatik beherako eskaintzak aurkeztu beharko dituztela. Baina zerbitzuaren erabileraren araberako egokitze ekonomiko bat ere proposatzen du udalak baldintzetan, kontraprestazio ekonomiko gisa. Zehaztasun guzti horiek udaleko web atarian ikusgai dauden baldintza tekniko eta plegu administratiboetan kontsultatu daitezke.

  Herri barruko bi autobus zerbitzuak betetzeko interesa duten enpresek urriaren 4ra arteko epea dute proposamenak udal bulegoetan aurkezteko. Enpresari buruzko agiriak jasotzen dituen kartazalarekin batera, eskainiko den zerbitzuaren azalpen memoria eta eskaintza ekonomikoa beste bina sobretan presentatu beharko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!