Herri-gune historikoan, zakarrontzi berriak jarriko dira.

2015/02/19
Inguruaren ezaugarri arkitektonikoekin egokiago datozen gaikako zakarrontziak jartzea erabaki da.

  Diseinu estetiko berezia duten zakarrontziak dira erdi gunerako eskatuko direnak: gaztainondozko egurrez eta “Corten” altzairuz egindako zakarrontziak dira eta Oñatiko Udalaren armarria eramango dute. “Corten” altzairu horrek burdin herdoilduaren itxura hartzen du eta Foruen enparantza, Kale Barria edota Kale Zaharreko etxeen irudiarekin egokiago uztartzen dela pentsatu dute udal arduradunek.

  Zakarrontzi berriak bi edo lau hondakin frakzio batean biltzen dituzte. Horrek, gune bakarrean, hondakin ezberdinak uzteko aukera emango du.

  Guztira, eredu bakoitzeko seina zakarrontzi eskatuko dira baina oraingoz, sei lekutan soilik jarriko dira: Foruen enparantzan bi kokagunetan, Atzeko Kalean, Ramon Irizar kaleko parkean, Kale zaharrean Ona pareko plazatxoan, Etxaluze inguruan eta Kale Barriak eta Antixeneko parkeak bat egiten duten estalpean.

  Sormen Design enpresak egindako proposamenaren arabera, bi zakarrontzi eredu daude aukeran: goialdea guztiz irekia duena edo itxita duena. Euria egiten duenerako erdi estalitako eredua egokiagoa dela ikusi da baina dirudienez, hondakinak ateratzeko orduan zailtasun handiagoa du. Horretxegatik, kale garbitzaileen iritzia ezagutu nahi da eta hori kontutan hartuta, bat edo bestea eskatuko da. Asmoa, erabakia bihar hartu eta eskaera, datorren astean bertan egitea da. Gauzak ondo, udaberrirako jada, erdi guneko hainbat lekutan, gaikako zakarrontzi berriak jarriko dira. Ondorioz, inguruan dauden zakarrontzia kenduko dira baina beste nonbait jarriz aprobetxatuko dira.

  Zakarrontzi berri hauek, ia 12.500 euroko kostua izango dute, horri, BEZa batu behar zaio.

Iturria: Oñati irratia

Zakarrontzi eredua