Helduentzako antzerki taldea sortuko du Irazan antzerki eskolak

2020/02/11
Card image cap
Bost saioko antzerki ikastaroa antolatu du, otsailetik ekainera

  Udazkenean antolatu zuen ikastaroak izandako harrera ona ikusita, helduentzako antzerki taldea sortzea erabaki du Irazan Antzerki Guneak. Horretarako, inprobisazioa eta gorputz mugimendua oinarri izango dituzten bost saio egingo dira otsailetik ekainera.

  Elkar ezagutu eta antzerkian lehenengo pausoak emateko saioak bi bloketan banatu dira, landuko diren ariketa eta gaiak kontuan hartuta: inprobisazio jokoak, batetik, eta argiak itzalita dantzan izenekoa bestetik. Inprobisazio jokoen atalean, kontzentrazioa, jolasteko gaitasuna, talde lana, irudimena eta mimika landuko dira, besteak beste, ariketa ezberdinak eginez. Espazioarekin, taldekideekin, inguruan dauden elementuekin jolas egingo da, eszenatokian egotearen esperientzia edota norberaren beldur eta zailtasunak ezagutu eta gainditzeko tresnak landu eta barneratuz. Argiak itzalita dantzan atalean berriz, gorputz espresioa zuzenean landuko da, norberaren mugimenduak, mugak eta inguruak eragindako bultzadak esploratuz. Gorputzak sentitzen duena adierazten ikasiko da, ilunetan eta ikuslerik gabe, mugitzen eta norberaren burua azaltzen. 

  Bi ariketa bloke hauek antzerkira eta dramaturgia hizkuntzara hurbiltzeko lehenengo pauso gisa proposatzen du Irazan antzerki eskolak. Saio guztietan parte hartuko duen taldea osatu nahi du eta horretarako izen-ematea zabalik dauka hilaren 22ra arte. Helduen antzerki talde honi zuzendutako bost saioak larunbatez eta goizez, 10:00tatik 14:30tara egingo dira. Saioak otsailaren 29an, martxoaren 28an, maiatzaren 2 eta 30ean eta ekainaren 27an izango dira. Bost saioko ikastaro-tailerraren prezioa 100 euro da. Plazak mugatuak dira eta aurrez izena ematea eskatzen da mezua, irazan.euskola@gmail.com helbidera bidalita.

  Helduen antzerki talde hau 16 urtetik gorako lagunekin osatu nahi du Irazanek, haur eta gazteen taldeak martxan baitira dagoeneko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!