Harrera ofizialik egingo ez bada ere udala eta diputazioko ordezkariak Arantzazura hurbilduko dira domekan, frantziskotarrak agurtu eta hauekin bazkaltzeko.

2012/09/07
Senideak deituta, urteroko elkarretaratzea egingo da. Gogoratu, Santutegi inguruko aparkalekuak betetzen direnean Arantzazurako errepidea itxi egingo dela. Goizean, ordu laurdenero irtengo diren autobus lanzadera izango dira.

  Mikel Biain alkateak asteartean aurreratu zigunez, Arantzazuko Amaren Egunean ez da harrera ofizialik izango Santutegi aurrealdean. Horrek ez du esanahi erakundeetako ordezkariak hurbilduko ez direnik. Arantzazun izango dira baina protokolorik gabeko bisita egingo diete frantziskotarrei. Mikel Biain:

  Ordezkari politikoen presentzia gabe baina noski elizkizuna egin egingo da, eta ohikoa denez, Donostiako gotzaina, Jose Inazio Munillak zuzenduko du Meza Nagusia.

  Senideak elkarteak presoen eskubideen alde egiten duen elkarretaratzea ere urteroko moduan egingo dela jakinarazi digute. 11.30tatik Meza Nagusia amaitu bitartean egingo da.

  Herritar ugari ere igoko da. Batzuk oinez eta beste batzuk autoz edo autobusez. Parrokiak antolatutako peregrinazioa, goizeko 7retan abiatuko da eliza ondotik eta 8etan, Zapata parean, frantziskotarrekin bat egingo du. Hortik gora, otoitzean jarraituko da.

  Domekan, goizeko 10etan izango da eguneko lehen meza eta 12tan aipatutako Meza nagusia. Ordu bata eta erdietan, elizkizuna gazteleraz izango da eta 6.30tan, eguneko azkena.
Eta atzo aurreratu genizuenez, gogoratu, Santutegi inguruko aparkaleku guztiak betetzen direnean Arantzazurako errepidea itxi egingo dela eta Azkoagaindik gora joaten ez dela utziko. Ibilgailuak Berezaoko industrialdera bideratuko dira. Auto partikularretan datozen horiek Arantzazura eramateko autobusa Benediktinen parean geldituko da.

  Igandean, Arantzazura joan etorrian bi autobus linea aldi berean ibiliko dira: Batek, Olakua-Kalegoiena-Benediktinak-Arantzazu ibilbidea osatuko du eta besteak, Postetxea-Benediktinak-Arantzazu ibilbidea.
Bi autobus linea hauek goizeko 7:30etik arratsaldeko 8:30era izango dira zerbitzuan. Goizeko lehen orduan eta arratsaldez, ordu erdiro baina elizkizunetarako jende gehien espero den goiz-eguerdi partean, ordu laurdenero. Hala, goizeko 9:30etik 13:30era, autobusak 15 minuturo irtengo dira Arantzazurantz eta Oñatirantz. Domekan, autobus txartela euro bat kobratuko da zerbitzua indartzeko egingo den ahalegin ekonomikoa apur bat parekatzeko.

  Herritarrei autobusa erabiltzeko deia luzatzen zaie udaletik. Eta kanpotik gonbidatuak espero duzuenoi jakinarazi aparkalekuak betetakoan Arantzazurako bidea itxi egingo dela eta ezin izango dela autoz igo.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!