Go!azen denboraldi berriaren aurre estreinaldia Gaztelekuan egingo da urriaren 15ean

2017/10/05
Card image cap
Telesailaren lehen kapitulua ikusteko bi emanaldi eskainiko dira

  Go!azen telesaila oso arrakastatsua da haur eta gaztetxoen artean. Oñatiko neska-mutikoek denboraldi berriari dagokion lehen atala ikusteko aukera izango dute, telebistaz eman aurretik. Aurre estreinaldia datorren domekan, urriaren 15ean izango da, Gaztelekuan.

  Go!azen telesailaren lehen kapitulua birritan emango da, 17:00tan eta 18:30tan. Sarrera doan izango da baina lekua kontrolatu eta jende gehiegi pilatu ez dadin txartelak egingo dira. Gonbidapen txartelok asteartean banatzen hasiko dira Gaztelekuan bertan. Urriaren 10ean, 17:00tatik 20:00tara eskuratu ahal izango dira, guztiz agortu arte.

  Abenduaren 17an berriz, Go!azen 4.0 denboraldi berri honen antzerki lana ere Gaztelekuan eskainiko dute. Ordurako sarreren aurre salmenta abenduaren 1ean zabalduko da.

  Iaz ere Goazen telesailaren eta antzerkiaren emanaldi bikoitza eskaini zen Gaztelekuan, arrakasta handiz. Oñatiko gaztetxo batek figurante gisa parte hartzen zuela eta, telesailaren lehen atala eta hainbat aktore Gaztelekura ekartzeko aukera izan zen. Lehen harreman horren haritik antzerki lanaren emanaldia lotu ahal izan zen. Aurten ere argi ibili dira Gaztelekuko arduradunak eta larunbatean Bilbon, EITB jaiaren baitan, eskainiko den lehen emanaldiaren ondoren Oñatiko gaztetxoek Go!azen telesailaren denboraldi berriko lehen kapitulua ikusi ahal izango dute, hurrengo domekan, urriaren 15ean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!