Oñatiko udala

Gazteen aisialdirako lokalak arautzeko udal ordenantza eta 2016ko zerga ordenantzaren irizpide orokorrak gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2015/09/17
Card image cap

  Gai garrantzitsuak aztertuko dira arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean.

  Uztailean aurreratu bezala gazte lokalen ordenantza iraileko Osoko Bilkurara eraman asmo da. Horretarako, aurrez, Tokiko Gobernu Batzarrean aztertu eta onartu behar da. Arratsaldeko bileran proposatuko den ordenantzan, besteak beste, lokalek bete beharko dituzten oinarrizko baldintzak zehazten dira:  komuna eta ur hartunea izan beharko dute, argindar instalazioa egoki dagoenaren ziurtagiria eta hozkailua eta mikrouhin labea izatea onartuko bada ere, ezin izango da bertan sukaldatu. Aisialdirako gazte lokalen arteko gutxieneko distantzia ere mugatu asmo da. Zaratei dagokienean, goizeko 8etatik gaueko 11ak arte ezin izango da 40 dezibelio baino altuagoa izan eta gaueko 11etatik aurrera berriz, 30 dezibeliotara jaitsiko da zarata muga. Gazte lokal gisa erabiltzeko alokatuko diren aisialdi lokalek jarduera baimena izan beharko dutela ere zehazten da ordenantzan. Dokumentua, arratsaldeko bileran aztertuko da eta egoki ikusiz gero, datorren asteko Osoko Bilkurara eramango da.

  Irailean ez baizik eta urriko Osoko Bilkuran aztertu ohi da bestalde, hurrengo urteko ordenantza fiskalen gaia. Udalak eskaintzen dituen zerbitzuengatik ordaindu beharreko tasa eta zergak biltzen dira ordenantza fiskaletan. Urtero berritzen dira aldian-aldiko irizpideen arabera. Irizpide orokor horiek arratsaldeko bileran eztabaidatuko dira.

  Jai kontuak ere mahai gaineratuko dira, San Migel eta Errosarixo jaixen egitaraua eta aurrekontuaren berri eman ez ezik, indarkeria sexistaren prebentziorako jaietako kanpaina azalduko baita.

  Gaurko Tokiko Gobernu Batzarrerako, 33 gaiko lan zerrenda zehaztu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!