Gaur gauean gauzatuko da etxeko zaborren kontenedore bidezko azken bilketa.

2013/06/28
Bihar edukiontzi berdeak erretiratzen hasiko dira. Atez ateko bilketa sistemari astelehenean ekingo zaio.

  Hondakinen bilketa sistemaren aldaketa gauzatuko da asteburu honetan. Gaur oraindik, zabor poltsak kontenedoreetara botako ditugu eta gaueko 10etan hasiko dira Mankomunitateak kontratatuta duen enpresako langileak kontenedore horiek hustu eta zaborra batzen. Astelehenean berriz, hondakinen frakziokako bilketa hasiko da papera jasoz. Goizez, dendari, ostalari eta enpresek atarira ateratzen dituzten kubo urdinak hustuko dira eta gauez berriz, etxe partikularretakoek ateratakoa jasoko da. Hauek ere dagokien esekitokian jarri beharko dute kuboa.

  Bakoitzak erabili beharko duen esekitoki edo zintzilikarioa non dagoen jakinaraziz informazio orri grafikoak jarri dira herri-guneko bebarruetan. Orrietan, atez ateko bilketa sistema astelehenean hasiko dela jakinarazten da eta eraikineko bizilagunek dagokien esekitokia non duten adierazten duen argazkia ikusi daiteke. Orain egun batzuk banatu ziren kuboetan bizilagun bakoitzari dagokion zenbakia agertzen da. Hori, zintzilikarioetan non dagoen ikusi eta esekitoki hori erabili beharko da egun bakoitzari dagokion kubo edo poltsa uzteko. Dendari, ostalari, enpresari eta lokal jabeei ere gutuna bidali zaie atez atekoaren hasiera jakinaraziz eta egun bakoitzean batuko den hondakin frakzioa gogoratuz. Zalantzaren bat duenak Kale zaharra edo San Lorentzoko informazio bulegoetan galdetu dezake.

  Astelehenean, hondakinen bilketa sistema berria martxan jarri aurretik, gaur azken aldiz erabiliko ditugun edukiontzi edo kontenedoreak erretiratzen hasiko dira. Asteburuan bertan edukiontzi berdeak kentzen hasiko dira eta ondoren urdinak eta horiak erretiratuko dira. Asmoa, herriko kaleetan dauden kasik 300 edukiontziak  daude astebeteko epean erretiratzea da. Beira botatzeko iglu berdeak bakarrik utziko dira.

Iturria: Oñati irratia