Ganbara abesbatzak lehen saria lortu du Burgosko Antonio Jose koruen lehiaketan

2016/10/17
Card image cap
Sei abesbatzek parte hartu dute eta txapelketan inoiz emandako puntuaziorik altuena jaso dute oñatiarrek

  Berezia zen XV. Antonio Jose abesbatzen lehiaketa hau, txapelketari izena ematen dion musikaria hil zutela 80 urte betetzen baitira aurten. Horretxegatik, parte hartu zuten abesbatzek konposatzailearen Romance de Rosa Fresca lana kantatu behar izan zuten, derrigorrezko obra moduan. Baina zapatu iluntzekoa berezia izan zen Oñatiko Ganbara Abesbatzarentzat ere, lehiaketako inoizko puntuaziorik altuena lortuta, lehen saria irabazi baitzuen. Azken urteetako irabazleen bataz besteko puntuazioa 82koa zen baina oñatiarrek 88 puntu eskuratu zituzten.

  Estatuko sei talde lehiatu ziren Burgosen; oñatiarrez gain Valladolid, Granada, Vigo, Madril eta Pontevedrako Ponteareas herriko abesbatzak lehiatu ziren. Lehen saria, 3000 euro, Oñatiko Ganbara Abesbatzak lortu zuen. Bigarrena, Valladolideko Alterum Cor abesbatzarentzat izan zen eta hirugarrena, Vigoko Coro Gli Appassionatirentzat. Entzuleek emandako sarietan berriz, oñatiarrak bigarren geratu ziren Valladolidekoen atzetik.

  Ganbara abesbatzak 12 minutuko emanaldia egin zuen hiru kantu abestuz. Lehen esan bezala, talde guztiek abestu beharreko Romance de Rosa Fresca eta Aita Donostiaren Iru Txito eta Ola Gjeiloren Sanctus: London.

  Burgosko Antonio Jose abesbatzen lehiaketa irabazita, Ganbara Abesbatzakoak Toulousera begira jarri dira jada. Datorren maiatzean, Frantziako Tolosan jokatuko den nazioarteko abesbatzen lehiaketan parte hartuko baitu, Europako lehiaketa handienetako bat.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!