Oñatiko udala

Euriak eraginez Olaterako bidea lurjausiagatik eta bidegorria, Madalenako tunelean ur pilaketagatik itxi egin ziren atzo.

2013/06/10
Lurjausia, behin behinekoz garbitu da baina tunela itxita dago oraindik, lokatzez beteta baitago.

  Ostirala, zapatua eta domeka bitartean, metro karratuko 72 litro euri pilatu dira Oñatin. Horri, aurreko asteetan botatakoa batu behar zaio. Lurra ur gehiago xurgatu ezinda dago eta halakoetan gertatu ohi diren lurjausiak berriro gertatzen hasi dira. Usako baserritik Olaterako bidean lurjausia gertatu zen atzo goizean. Lurrak, bidea guztiz estali zuen. Abisua errepidearen jabe den Foru Aldundiari eman zitzaion, eta goizean zehar errail bat ireki zen. Lurra guztiz erretiratu eta garbitu gabe dagoen arren, bidea dagoeneko zabalik dago.

  Ez da gauza berbera gertatzen bidegorriaren Madalenako tunelean. Atzo orkatilarainoko putzua sortu zen eta ondorioz,  pasabidean itxi egin zuen udaltzaingoak. Une honetan, urik ez dagoen arren, zorua lokaztuta dago eta bizikletan pasatzeko arriskutsu. Horretxegatik, eta tunela garbitu bitartean, bidegorria tarte horretan itxita izango dela jakinarazi digu udaltzain-buruak.

  Baina horiek ez dira asteburuan gurean izan diren gora-behera bakarrak. Zapatu arratsaldean, Fanderia parean auto bat errekara jausteko zorian egon baitzen. San Prudentziorako norabidean zihoan autoa, zehaztu ez diren arrazoiengatik, errepidetik irten eta maldan behera joan zen. Erreka bazterrean dauden arbol eta sastrakek eutsi zioten eta zorionez ez zen uretara iritsi. Ordurako hazita eta indar handiz zetorren errekara jausi gabe, alboan geratu zen. Autoan, Arrasateko bikote bat zihoan eta susto handi batekin atera zituzten arren, ez zuten bestelako kalterik izan. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!