ETEO zaharreko klaustroko teilatua eraberritzearen gaia aztertuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/03/09
Card image cap
Aurrekontua eskatu da eta lanen osasun eta segurtasun plana onartzea proposatuko da

  ETEO zeneko klaustroa Eltziako topagune nagusi bihurtuko da egun bertan egiten ari diren lanak amaitutakoan. Gunea, kristalera batez itxi eta babestuko da, nahiz eta eguraldi ona egiten duenean klaustrora irteteko bidea izango den. Baina horretarako, egun itogin eta ur filtrazio arazoak dituen teilatua konpondu behar da. Klaustroaren bueltako pasealekuko teilatu zatia da konpondu behar dena. Kanaleta berriak egingo dira euri ura kanpora bideratzeko.

  ETEOko lehenengo eta bigarren solairuan udazkenean egokitze lanak egiten hasi zirenean ez zen teilatu zati hau konpontzeko beharrik ikusi baina neguko euriak eragindako kalteak gogoan hartuta, klaustroko topagunea prestatzen hasi aurretik teilatua eraberritzea komeni dela ondorioztatu da. Horretarako aurrekontua eskatu da eta bide batez, lanen osasun eta segurtasun plana ere egin da. Guztiaren berri azalduko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean eta biak onartuta lanak lehenbailehen hasi nahi dira. Teilatuko lanok ETEOn lehendik egiten ari direnei eragingo diete halabeharrez, bereziki klaustroan egingo direnei, eta pitin bat atzeratzea ere ekarri dezakete. Baina etorkizunean bestelako arazorik ez izateko orain egin beharrekoak direla adierazi digu Partaidetza teknikariak.

  Inguru berean, San Lorentzo auzoan irisgarritasuneko obrei jarraipena emanez 8. area moduan izendatutako gunean egingo diren lanen zuzendaritza eta Ugarkalde eta San Lorentzo auzoen artean bidegorria eraikitzeko lanen zuzendaritzaren gaia ere gaurko batzarrean aztertzekoa da. Berdintasuna batzordearen eskutik bestalde, hile akaberan aurkeztuko den Selma Huxley ikerketa bekaren zabalkunderako diseinu eta inprenta lanak egiteko aurrekontua proposatuko da, besteak beste.

  Guztira, 21 gaiko lan zerrenda osatu da martxoko bigarren Tokiko Gobernu Batzarrerako. Aipagarria da, bileraren hasiera ordua atzeratu egin dela eta aurrerantzean, 18:00tan izango dela.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!