Errepidean zeuden bi zaldi hil dira auto batek jota gaur goizean Olabarrietan

2016/01/07
Autoak kolpe handia jaso duen arren, gidaria onik dago

  Istripua goizeko 8ak aurretxoan gertatu da Olabarrietako sarrera pasa eta  Udanarako igoera hasi bitarteko errepide zatian. Artean ilun zegoen eta Legazpirantz zihoan autoak, errepidean zeuden bi zaldi jo ditu. Zaldietako bat momentuan hil da eta bestea oso larri zaurituta, hil zorian geratu da. Albaiteroari deitu behar izan zaio, injekzioa jarrita hil zezan. Autoak, kolpe handia jaso duen arren, gidaria onik, itxuraz inolako zauririk gabe dago. Gidaria, Oñatiko emakume gazte bat da.

  Istripuaren ondorioz, errepidea hainbat minutuz itxita egon da autoa eta animaliak erretiratu bitartean. Animalien jabea ere lokalizatu behar izan da. Olabarrieta eta Murgiako auzo alkateei deitu zaie lehenik, ea zaldirik ezagutzen ote zuten baina batek txipa zuenez, Murgiako auzotar batenak zirela jakin ahal izan da. 

  Olabarrietakoa ordea, ez da izan goizeko lehen orduan gurean gertatu den istripu bakarra, Roke Azkune inguruko errotondan bi autok jo baitute. Bigarren istripu hau, 8.45 inguruan gertatu da. Saihesbiderantz zihoan auto batek, oinezkoen pasabidean geldituta zegoen autoa atzetik jo du. Istripu honetan ez da inor zauritu.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!