Errekonozimendu eta erakusleku bihurtu da Fitur azoka Debagoiena eta Oñatirako

2018/01/19
Card image cap
Turismo bulegoak berritu duen Q ziurtagiria Madrilen jaso zen atzo

  Euskadiren eguna izan zen atzo Fitur turismo azokan. Aurkezpen ugari egin ziren, tartean, Puntaik punta Debagoienako bidezidorren jaialdia. Aretxabaletan ospatuko da aurten, ekainaren 15, 16 eta 17an. Baina ohikoa denez, ekintzak bailarara zabalduko dira eta horren baitan, Oñatin barrena ez da eskaintzarik faltako. Arrikrutzeko kobarako bisita klasikoa da Puntaik Punta jaialdian eta inguruko mendi eta auzoetatik ere ibilaldiak antolatzen dira. Guzti horren berri atzo eman zen Madrilen. Hori goizean izan bazen ere, iluntzean Q sarien ekitaldia nagusia egin zen eta horretan ere, Oñatik presentzia izan zuen. Turismo bulegoak Q turismo kalitatearen ziurtagiria berritu du eta aipatu sarien ekitaldira gonbidatuta zeuden bulegoko arduradunak.

  Errekonozimenduekin jarraituz, Debagoiena, Urola Erdia eta Garaia bategiten dituen Ignaziotar lurraldea proiektuari aitortutako EDEN saria ere Fiturren eman zen asteazken arratsaldean. Hiru mankomunitateko ordezkariek jaso zuten Europar Batasunak emandako sari garrantzitsua baina ekitaldian oñatiarrak ez ziren falta izan, Ignaziotar lurraldea egitasmoan Arantzazu eta Oñati oinarrizko elementu baitira.

  Fitur turismo azoka sektoreko profesionalen topagune izan da asteazkenetik gaur arte. Arratsaldean berriz, herritarrentzat irekiko da, domekara arte.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!