Oñatiko udala

Errekalde auzoko irisgarritasun obren baitan, barruko guneak egokitzeko lanak egingo dira

2015/04/15
Card image cap
5. area deritzoneko lanak ekainean hasiko dira

  Azken urteetan Errekalde auzoa inguratzen duen eraztuna eta honen kanpoaldeko guneak egokitu ondoren, eraztun barruko guneak prestatuko dira. Auzoaren erdialdean dagoen eskola txikia eta inguruko zabalgunea dira nagusiki aktuazio berri honetan egokituko direnak. Errekaldeko 5. area deritzon honetan, auzoaren barrualdeko gunean dauden garajeetarako sarbideak eta espaloiak ere hartzen dira. Datozen asteetan martxan jarriko diren lanen baitan guztiak irisgarritasun neurrietara egokitzea aurre ikusten da.

  A2B enpresak osatutako proiektuaren arabera, Errekaldeko barruko ardatz horretan ibilgailuen pasabideak eta aparkalekua asfaltatuko dira, espaloiak konpondu eta eskudelak nahiz hiri altzariak jarri edo berrituko dira. Lanek, BEZa barne, 240.726 €ko aurrekontua dute.

  Lanak esleitzeko publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiliko da. Hala, arloan diharduten hiru enpresei lizitazioan parte hartzeko gonbidapena egin zaie. Bihar bertan amaitzen da eskaintzak egiteko enpresei eman zaien epea.

  Lanak berriz, ekainean hasiko dira. Errekaldeko auzo jaixak maiatzeko azken asteburuan ospatuko dira eta irisgarritasun lanak, horien ondoren hasiko dira. Kontu egin behar baita egokituko den gune garrantzitsuena  jaixetako eszenatokia eta txosna egoten den eskola txiki ondoko plazatxoa dela.

  Lizitazio baldintzetan lanak egiteko epea lau hilabetera mugatu da eta urriaren lehenerako amaituta egon beharko direla zehazten da.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!