Eraso terrorista eredu berriak aztergai dira Lege Soziologia Institutuan

2016/04/14
Card image cap
Nazioarteko terrorismo modu berriek sortu duten egoeraz eztabaidatzen ari dira Unibertsitate Zaharrean

  Gaurkotasun handiko gaia aztertuko dute aste honetako mintegian Lege Soziologia Institutura hurbildu diren nazioarteko 21 adituek: terrorismoaren eredu edo modu berriak. Nazioarte mailan gizartea kezkatzen duen gaietako bat da, bereziki Estatu Islamikoa deritzonak gauzatu dituen eraso terroristen haritik.

  Azken urte hauetan terrorismoak aldaketa handiak izan ditu, nagusiki, 2001eko Dorre Bikien kontrako atentatuak, 2004ko Madrilgo erasoak edota, 2005ean Londonen izan zirenen ondotik. Ordura arte, terrorismoa, ierarkizazio edo antolakuntza militarra zuten erakundeen eskutik zetorren eta etxeko edo eremu geografiko oso mugatuko erakundeek eragiten zuten. ETA edo IRA erakundeak leudeke horien artean. Gerora, Al-Qaidak hasi zuen bidea etorri zen, eta erakundearen zuzendaritzak galdu edo, egin zuen erasoak hasieratik amaierara antolatzeko kontrola. Taldeek egindako proposamenak onartzera mugatzen zen. Gaur egun, eredu horrek ere bilakaera bat izan du eta adhesio edo bategite eredua nagusitu dela esan daiteke: erakunde terrorista baten irizpideak bere eginez, gizabanako edo talde independiente batek, zuzendaritzarekin inolako loturarik izan gabe, bere kabuz gauzatzen ditu eraso terroristak. Ondoren, erakundeak erasoa bere gain hartu dezake ekintzaren oihartzuna handituz. Egun nazioartean bizi den egoera berri honen erantzule, Estatu Islamikoa da, Al Qaidatik eratorritakoa.

  Estatu Islamikoa, erakunde terrorista soila izatetik haratago, Siria eta Irak estatuen zati garrantzitsua bere egin duen indar militarra ere bada. Gainera, erakundeak komunikazio estrategia oso berezia garatu du bere sorreratik . Egoera honen aurrean, mendebaldeko herrialdeek terrorismoari aurre egiteko legediak aldatu dituzte.

  Unibertsitate zaharrean elkartu diren 21 adituk, gaia, ikuspuntu ezberdinetatik jorratuko dute: ekintza terroristen aurreko prestaketa eta entrenamenduak; etorkizunean ekintza terroristak gauzatuko dituzten aktibistak erakartzeko komunikazioa eta terrorismoaren definizio berria, egungo egoera oinarri hartuta. Gaur hasi eta bihar arratsaldean amaituko den mintegi honetara etorri diren adituak,  Alemania, Australia, Italia, Herbehereak, Portugal, Erresuma Batua eta Espainiako unibertsitate ezberdinetatik etorritakoak dira. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!