Erain Debagoienak herri galdeketa babestuz hasieran beharrezkotzat jo zituen 6.500 sinadurak bildu ditu jada, Oñatin, 1200

2016/04/20
10.000 batzeko erronka berria jarri dute

  Arrasateko Monterron parkean atzo iluntzean egin zen agerraldian, herritarrak erabakitzeko eskubidearen eta ekainaren 12ko kontsultaren alde mugitzera gonbidatu zituen Erain Debagoienak. Eta herri galdeketa babestuz, dagoeneko 6500 sinadura batu dituztela zehaztu zuten. Oñatin, 1200 firma bildu dira baina gehiago lortzea da helburua, horretarako hainbat orri banatuta baitauzkate. Dena den, epe muga jarrita dutela zehaztu digu Erain Debagoienako ordezkarietako batek. Maiatza hasierarako sinadura orri guztiak batuko dira notaritzara eraman eta balioztatzeko.

  6500 sinadura batuta, 10.000 biltzeko erronka berria jarri dute. Hala, orain arte sinatu ez dutenak, hartara animatzen dituzte. Baina maiatzean sinadurak egiaztatzera eramango dira, esan bezala, eta herri galdeketa prestatzeko lanetan buru belarri sartuko da Erain Debagoiena.

  Legeak aldatu egiten direla eta ekainaren 12ko kontsulta , herri honek bere legeak idazteko eta etorkizuna gauzatzeko gaitasuna eskuratzeko balioko duela esanez hasi zen atzoko agerraldi publikoa. Debagoienako herri guztietatik joandako 70en bat ordezkarik parte hartu zuten eta legea eta zilegitasuna aurrez aurre jarrita osatutako mezua zabaldu zuten.

Iturria: Oñati Irratia