Emakumeontzako Jabetze Eskola antolatu du Udalak

2016/12/29
Card image cap
6 tailer eta hitzaldia izango da urtarrilatik apirilera bitartean, emakumeen topagune, gogoeta eta prestaketarako espazio izan nahi duen honetan

  Andraitz Talde Feministak sortu zuen Oñatiko emakumeentzako Jabetze Eskola eta taldearen eskariz, udaleko Berdintasuna Sailak jarraipena emango dio. 2017ko egitaraua gertu dago eta parte hartu ahal izateko epea irekita. Gai ezberdinei buruzko sei tailer antolatu dira datozen lau hilabeteetarako.

  Lehenengo tailerra urtarrilaren 11an hasiko da eta antolatutako guztien artean luzeena izango da: Asertibitatea eta gatazka konponketa tailerra. Pepa Bojo Ballerster-ek dinamizatuko duen tailer honek 25 orduko iraupena izango du eta urtarrilaren 11tik martxoaren 15a bitartean asteazken arratsaldero emango da, 18:15tatik 20:50tara. Harremanetan asertiboak izaten ikasteko tailer praktiko honetan, eraginkortasunez komunikatu, gatazkak konpondu eta emozioen kudeaketarako hainbat tresna landuko dira.

  Komunikazioaren haritik, jendaurrean hitz egiteko tailerra ere antolatu da urtarrilaren 27tik martxoaren 24ra. Miriam Ociok bideratuko duen tailer hau, ostiral arratsaldetan egingo da eta 20 orduko iraupena izango du.

  Ekintza laburragoak ere izango dira: otsailaren 4an, esaterako, DJ tailerra egingo da Irene Ormazabalek gidatuta eta otsailaren 11an, Autodefentsa feminista tailerra, Maitena Monroyk dinamizatutako. 4 eta 8 orduko saioak izango dira, hurrenez hurren. Martxoaren 21 eta apirilaren 4an berriz, ekonomia feminista 7 ordu eta erdiko tailerra egingo da Uzuri Aboitiz-en eskutik. Hiru tailer labur hauen tartean, 18 orduko eskalada tailerra ere egingo da otsailaren 25etik apirilaren 1a bitartean. Patri Espinar eta Ion Agirrek gidatuko dute.

  2017ko Jabetze Eskolaren eskaintza osatuz hitzaldi bat antolatu da apirilaren 5erako. Emakume migranteei bereziki zuzenduta, atzerriko ikasketen homologazio eta balioztatzeaz berba egingo da.

  Jabekuntza Eskolaren egitaraua etxeetara banatu da. Izena emateko argibideak ere ematen dira. Tailer bakoitzerako izena emateko epea ikastaroa bera hasi aurreko 8 lanegun falta direnean itxiko da. Izena, udaletxeko harrera bulegoetan eman daiteke edota udaleko web atariko formularioa beteta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!