Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko eskaintzarik ez da aurkeztu udal bulegoetan

2018/06/26
Bihar amaitzen da horretarako epea

  Bigarren aldiz zabaldu du udalak Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko lizitazio deialdia, aurreko prozesua bertan behera utzi baitzen, jaso zen eskaintza bakarrak ez zituelako euskara ezagutza baldintzak bete. Azken asteetan prozesuaren inguruko argibideak ematen saiatu dira udal arduradunak, eskaerak nola egin eta bete beharreko tramiteak uste bezain konplexuak ez direla argitzeko. Eltziako tabernako instalazioak ezagutzeko ere hiru bisita gidatu egin dira eta lizitaziora aurkezteko interesa zuten dozena bat lagun hurbildu dira. Baina bihar amaitzen da Eltzia taberne-kafetegia ustiatzeko prozesura aurkezteko epea eta gaur goizean oraindik ez zegoen eskaintzarik udal bulegoetan.

  Baldintzak, aurreko deialdian zehaztu ziren berberak dira. Eltziako taberna-kafetegia ustiatzeko udalak finkatu duen lizitazio aurrekontua 50 euro gehi BEZa da, hileko. Horren pareko edo gaineko proposamenak aurkeztu beharko  dira, jakinik, eskaintza ekonomikoa izango dela zerbitzua esleitzerakoan irizpide nagusia. Eltziako taberna-kafetegi zerbitzuaren gutxieneko egutegi eta ordutegia ere finkatu du udalak; astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 20:30etara ireki beharko da eta larunbatetan goiz eta arratsaldez: 10:00etatatik 14:30tara eta 16:00etatik 20:30etara. Hori, gutxienez bete beharreko zerbitzua izango da. Taberna-kafetegia zabalik dagoen bitartean, Eltziako sarrera nagusiko atea  eta Topagunetik klaustrorako atea ireki eta ixteaz arduratuko da. Kontratazio baldintzetan, hizkuntza betebeharrak ere zehaztu dira. Hala, zerbitzariek, bezeroarekin zuzenean ari direnek, euskaraz jakin beharko dute eta B2 gaitasun maila izan beharko dute ahozko trebetasunean. Gainera, inprimakiak eta oharrak euskaraz eta gaztelaniaz eman beharko dira.

  Baldintza plegu osoa udaleko web atarian edota udal bulegoetan eskuratu daiteke. Proposamenak ere, udal bulegoetan aurkeztu behar dira bihar, 14:00ak baino lehen. Proposamenak hiru kartazal edo sobretan presentatuko dira, enpresaren egiaztagiriak batean, memoria teknikoa bigarrenean eta eskaintza ekonomikoa hirugarrenean.

  Eltziako taberna-kafetegiko zerbitzuaren ustiaketa bi urtetarako kontratatu nahi du udalak, beste bi urtez luzatu daitekeelarik.

Iturria: Oñati Irratia