Ekainaren 5eko herri galdeketarako bozka paperak etxeetara banatuko dira

2016/05/27
Bozka non, nork eta nola identifikatuta eman daitekeen jakiteko argibide orriak ere banatuko dira

  Hainbat herritar arduratu dira ekainaren 5eko herri galdeketan erabiliko diren bozka paperak prestatzen etxeetara banatu  ahal izateko. Guztia gertu dago datorren aste hasieran edo, etxerik etxe, postontzietan sartzeko. Bozka paperak ez ezik, herri kontsultarako argibide orriak ere banatuko dira.

  Erain Debagoienak sustatuta egingo da ekainaren 5eko herri galdeketa. Oñatin, bozka emateko hiru gune prestatuko dira: Olakua 7, Lete etxetresna denda egon zenekoa, Errekalde 4, Urbia taberna zeneko lokala eta Unibertsitate etorbidea 3, hau da, Abadetxea. Hiru gune horietan, bozka kutxak 9.00tatik 20.00tara zabalduko dira.
Erantzun beharreko galdera berbera izango da Debagoiena eta Aramaion: nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?

  Bozka, Oñatin erroldatuta dauden 16 urtetik gorako guztiek eman ahal izango dute. Horretarako, identifikazio dokumentu ezberdinak erabili ahal izango dira: NAN edo DNIa nahikoa izango da, baldin eta Oñatiko helbidea agertzen bada. Hala ez denean, errolda agiria ere eraman beharko da. ENHA ere aurkeztu ahal izango da baina kasu horretan errolda agiriarekin batera. Atzerritarren kasuan, argazkidun identifikazio agiri ofiziala eta errolda agiria aurkeztu beharko dute. Errolda agiria udaletxean eskatu behar da. Azken egunera itxaron gabe, lehenbailehen eskuratzea gomendatzen du Erain Debagoiena taldeak.

  Ekainaren 5a festa eguna izatea lortu nahi da eta horretarako, herria girotzeko hainbat ekintza antolatzen ari dira.
Ekainaren 5eko herri galdeketa, euskaldunok, oñatiarrok, erabakitzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko ariketa praktikoa izango da. Zentzu horretan, galdeketaren emaitzaren gainetik, ahalik eta partaidetza handiena biltzea da helburua.

Iturria: Oñati Irratia