Ekainaren 10ean Bilbon egingo den 'Erabakitzeko prest' ekimenean parte hartzeko deia egin du Oñatiko Gure Esku Dago taldeak

2017/05/26
Card image cap
Antolatu duten autobuserako txartelak saltzen hasiko dira gaur

  Bilboko Euskadi eta Eliptika plazak lotuz, inoizko galdera ikur handiena osatu nahi da ekainaren 10ean Erabakitzeko prest lelopean. Prest ibilbide orrian onartutako ardatzetako bat Itun herritarra da. Herrietan erabakitzeko eskubidearen aldeko adostasunak sortu dira hainbat esparrutan eta horiek erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpen bihurtu dira. Forma eta eduki anitzeko adierazpen horiek guztiak itun herritar batean bildu dira eta hori ere aurkeztuko da ekainaren 10ean Bilbon. Herritarren Ituna, erabakiaren bidean ate berriak zabaltzeko jaio den tresna da.

  Oñatiko Gure Esku Dagok autobusa antolatuko du Bilbora joateko, eta dei egiten die herritarrei ekimenean parte hartzeko. Autobus txartelak nahiz Bilbon egoteko konpromiso txartelak kalean jarriko diren mahaitan eskuratu ahal izango dira. Gaur eta ekainaren 1 eta 2an 19:00tatik 21:00tara eta ekainaren 3an 12:00tatik 14:00tara egongo dira herriko gune ezberdinetan. Ekainaren 10ean Bilbora joateko autobusa 15:30tan abiatuko da.

  Aldi berean, eta herritarrak berriro aktibatzeko asmoz, ekintza puntualak antolatzen ari dira herri eta eskualdeka. Debagoienean  esaterako, galdera ikurra osatuko da bihar Arrasaten. Oñatitik bertara joateko gonbidapena luzatu da.
Gure Esku Dago kolektiboaren ekimen berri honen inguruko informazioa arratsaldean, 19:00tatik 21:00tara Foruen enparantzan jarriko den mahaian emango da, aipatu autobus eta konpromiso txartelak salgai jartzearekin batera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!