Datorren astean egingo dira, aldi baterako kontratatuko den liburutegiko laguntzailea hautatzeko elkarrizketak.

2012/04/11
Jaso ziren 224 kurrikulumetatik, 18 aukeratu dira. Eta hauekin elkarrizketak, datorren astearte eta asteazkenean egingo dira.

  Elkarrizketak, banakakoak izango dira eta hautagai bakoitzarentzat ordu erdiko tartea gorde da. Hala, hilaren 17an eta 18an, 9n hautagai elkarrizketatuko ditu epai mahaiak. Elkarrizketa horietan, hautagaien prestakuntza eta lan eskarmentua baloratuko da eta lanpostuarekin zer ikusia duten galdera teoriko praktikoak tartekatuko dira. Elkarrizketa proba hau, kultur etxean, goizeko 9etatik ordubata eta erdietara egingo da.

  Liburutegiko laguntzaile lanpostua aldi baterako betetzeko lan eskaintzarako, guztira, 224 lagunen kurrikulumak jaso zituen Lanbide enplegu zerbitzuak. Horietatik, dozena bat gutxi gora behera, oñatiarrenak ziren.

  Eskatutako baldintzetara egokitzen ziren hautagaiak berezituko dira eta lehen aipatutako elkarrizketa probarako 18 lagun aukeratu ditu epai mahaiak. Horien nortasun agiri zenbakia eta bakoitzari jarri zaion elkarrizketa egun eta ordua zehaztuz taulatxoa osatu da. Taula hori, udaleko web orrian ikusgai dago: www.oinati.net atarian.

  Udalak, orain hautatuko den liburutegiko laguntzaile honi aldi baterako kontratua egingo dio, plantillan dagoen langile baten gaixotasun baja betetzeko. Hala, kontratatuko den langile berriak, ordezkatuaren lana eta ordutegia bete beharko du. Hau da, liburutegian lan administratiboetan lagundu eta liburutegiko zerbitzua artatu beharko du. Erabiltzaileari arreta eskaini beharko dio, maileguak eginez, liburuak topatuz edota erabiltzaile berrien izena hartuz eta bazkide txartelak eginez. Erabiltzaileen esku dauden ekipo informatikoak kontrolatzea ere bere ardurapekoa izango da. Goiz eta arratsaldeko lan jarduna izango du: 10etatik ordu batera eta 4:30etik 8:30era. Astelehenetik ostiralera beteko duen jardun horrezaz gain, hilean behin larunbat goizez ere lan egin beharko du.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!