Covid-19 Neurri Ekonomikoen Mahaia eratu da udalean

2020/04/02
Alarma egoerak eragindako kalte ekonomikoak arintzeko neurriak aztertu eta martxan jarriko ditu

  Covid-19 birusaren zabalpena saihesteko agindutako konfinamendu eta jardun etenak gogor jo ditu herriko hainbat sektore. Kalte horiek arintzera bideratutako neurri ekonomikoak aztertu eta zehaztuko dituen mahaia eratu berri du udalak: Covid-19 Neurri Ekonomikoen Mahaia, hain zuzen ere. Dendari, ostalari, mikroenpresa eta ekintzaileek pairatzen duten egoera zaila arintzeko udal dirulaguntzak, neurri fiskalak eta bestelako laguntzak aztertu eta martxan jarriko ditu mahai honek.

  Astean egin da lehen bilera eta herriko sektore zaurgarrienak identifikatu eta bizi duten egoera zaila leuntzeko balizko neurriak aztertzen hasi dira, besteak beste. Aipagarria da, hartarako mahai espezifikoa eratu aurretik ere udalak hainbat laguntza bide jorratu dituela. Hala, autonomo eta mikroenpresei zuzendutako informazio eta aholkularitza zerbitzua martxan jarri zuen Sozioekonomia departamentuak pasa den astean.

  Covid-19 Neurri Ekonomikoen Mahaia udal ordezkari politiko eta teknikok osatzen dute, zortzik guztira: Izaro Elorza alkateak, Xabier Igartua Ogasun eta Sozioekonomia batzordeburuak, Anik Zubizarreta Partaidetza eta Garapen komunitario batzordeburuak, Ainhoa Galdos oposizioko bozeramaileak, Jon Kepa Gerrikagoitia Sozioekonomia batzordeko kideak eta Ogasun, Sozioekonomia eta Gizarte Zerbitzuetako udal teknikariek.

  Egunak, asteak badoaz eta koronabirusari aurre egiteko hartu ziren lehen neurri murriztaileen eragina geroz eta nabariagoa da herriko sektore ekonomiko zaugarrienetan, diru-sarrerarik gabe baina hainbat gastu korronteri erantzun beharrean baitaude merkatariak, ostalariak eta beste hainbat. Egoera zail horri buelta ematen saiatzeko neurriak aztertu eta martxan jartzea dira Neurri Ekonomikoen Mahaiaren lehentasunak. Gobernu Taldea zeregin horretan aritu da azken asteetan eta landu dituen zenbait aukera eta proposamen Neurri Ekonomikoen Mahaira eramango dituela azaldu du Izaro Elorza alkateak.

Iturria: Oñati Irratia