Bizikletak aparkatzeko elementuak banatuko ditu Foru Aldundiak.

2014/09/12
Card image cap
Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako enpresei zuzendutako laguntza hau, lantokietara joateko bizikletaren erabilera sustatzeko programaren baitan kokatzen da.

  Irailaren 2ko Diputatuen Kontseiluan onartu zen Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako lantegietan bizikletak aparkatzeko elementuak jartzeko laguntzak eskaintzea. Foru aldundiak erosiko dituen elementuak doan banatuko dizkie hartarako eskaera egiten duten enpresei. Bi eratako moduluak eskuratuko ditu: zortzi bizikletentzako lau burdin haga dituzten U alderantzikatuak eta hamar bizikletentzat edukiera duten teilatupekoak. Foru aldundiak, 35.000 euroko diru partida berezitu du eta gehienez, aipatu ereduetako 45 elementu eskuratuko ditu.

  Bizikletak aparkatzeko elementuak eskuratu nahi dituzten enpresek, dagokien eskaera aurkeztu behar dute foru aldundiaren mugikortasuneko eta bide azpiegituretarako departementuan edo diputazioko web atarian. Laguntza eskatzeko epea, irailaren 27an amaitzen da.

  Eskaera orriarekin batera, aparkalekuak kokatzeko egin beharreko instalazioari buruzko azalpen memoria aurkeztu behar da. Eta instalazioa lur sail publikoetan egiten bada, hartarako baimen eta lizentzia ere aurkeztu beharko da. Enplegatuen garraio moduari buruzko informazio txostena ere atxikiko da, kotxez, motorraz, autobusez, oinez eta bizikletaz doazen langileen portzentajeak, sexuka banatuta, zehaztuz.

  Ekainean onartu zuten Oñati, Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako udalek eta Foru Aldundiak lanera joateko bizikletaren erabilera sustatzeko programa  hau abian jartzea.

  Orduan jada aurreratu zen egitasmoak bi eremutan eragingo duela: enpresetan, bizikletentzat aparkalekuak jartzeko laguntza lerroa martxan jarriz batetik eta langileen artean informazio eta sentsibilizazio kanpaina eginez, lanera oinez edo bizikletan joateak dituen onurak jakinaraziz, bestetik.

  Herriko zenbait enpresek aparkalekuak jartzeko interesa agertu zuten eta udaletxetik, foru aldundiaren laguntzaren berri eman zaie. Eskaerak, hilaren 27a bitartean egin behar dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!