Bihar amaitzen da ETEO eraikin zaharrean, musika entsegu lokalak egokitzeko lizitaziora proposamenak aurkezteko epea

2015/03/02
Udal bulegoetan ez da eskaintzarik jaso oraindik

  ELTZIA proiektuaren baitan lehen musika entsegu-lokalak egokitzeko lanak dira prozesu honetan esleituko direnak. Deialdi honetan, egitasmoaren lehen faseko lanak egingo dira, hau da, 30-35 metro karratu inguruko 10 lokal eta 65 metro karratuko gela egokituko dira. Lizitazio aurrekontua berriz, 379 mila euro gehi BEZa da.

  Udaleko hirigintza departamentuak egokitu beharreko instalazioak ezagutu ahal izateko, bisita berezia antolatu zuen pasa den astean. 3 enpresetako teknikoak izan ziren ETEO zaharrean baina oraindik inork ez du lizitaziora proposamenik aurkeztu. Horretarako epea, bihar eguerdiko ordu bietan amaitzen da.

  ETEO eraikineko erdi sotoa zaharberritu eta musika entsegu lokaletarako espazioa egokitzeko lanak esleitzerakoan irizpide nagusia eskaintza ekonomikoa izango da. Gehienera lortu daitezkeen 100 puntuetatik 80 proposamen merkeenak jasoko baititu. Baina beste irizpide batzuk ere kontutan hartu eta baloratuko dira, hara nola, lanen berme epea luzatzea, enpresaren baliabide tekniko eta pertsonalak eta bestelako hobekuntzak proposatzea.

  Musika Eltzia proiektuari dagokion lehen faseko lan hauek osatuz, gerora, 20 metro karratu inguruko beste hiru entsegu lokal, 50 metroko gela eta grabazio estudioa prestatzea aurre ikusten da.

 

Iturria: Oñati irratia