Bihar amaitzen da botoa posta bidez eman ahal izateko eskaera egiteko epea

2015/05/13
Card image cap
Posta bulegoan,169 eskaera jaso dira orain arte

  Asko dira jasotako eskaerak,  normalean, 150enbat izaten baitira. Baina garai honetan, bidaiak egiten dituzten jubilatuak, azterketetan dauden ikasleak edota beste konpromiso batzuk dituzte herritarrak asko dira. Egunean bertan dagokien hauteskunde kolegiora joaterik ez dutenek botoa postaz eman dezakete, baina horretarako eskaera egin behar da eta  epea bihar amaitzen da. Beraz, 169 eskaera horiek baino gehiago jaso daitezke oraindik. Horiek Oñatin. Eskaerak estatuko edozein postetxetan egin bait daitezke eta ondorioz kanpoan dauden oñatiar gehiago izan daitezke botoa postaz ematea tramitatuko dutenak.

  Correos zerbitzuan, greba iragarrita dago biharko baina Oñatiko bulegoan lanean arituko direla adierazi digute. Posta bidezko botoa emateko eskaerak arratsaldeko ordu biak arte hartuko dituzte bihar postetxean.

  Baina postarien lana ez da amaitzen eskaera horien tramitazioarekin. Eskaera egin eta gero, hauteskunde juntak igortzen duen dokumentazio guztia eskura eraman behar izaten baitiote eskatzaileari. Dokumentazio horretan, hauteskundeetara aurkezten diren alderdi eta aukera guztien papeletak, eta botoa postaz nola eman behar denaz azalpenak jasotzen dira. Dagoeneko, lehen dokumentazio sobreak iristen eta banatzen hasi dira Oñatin.

  Hauteskundeekin erlazionatut, postarien hurrengo lana, gordelariarena izango da. Postaz iristen diren boto guzti horiek hauteskunde egunera arte gordeko baitituzte. Maiatzaren 24an, jada, hauteskunde kolegioak irekita, mahaiz- mahai joango dira bakoitzean erroldatuta dauden hautesleen botoak uzten.

  Hauteskunde garaia lan extra garaia izaten da posta bulegoko langile eta postarientzat eta ez soilik posta bidezko botoen tramitazioagatik. Hauteskunde propaganda ere banatu behar dute. Gaur bertan hasi dira Udal eta Foru hauteskundeetarako propaganda banatzen.

  Oñatiko posta zerbitzuan, hiru bulego langile daude eta zortzi postari daude une honetan.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!