Atez atekoari lotuta, bi prentsaurreko deialdi egin dira datozen orduetarako

2013/05/16
Gaur, atez atekoaren kontrako plataformek deitutakoa egingo da eta bihar udal gobernu taldearena.

  Atez atekoaren inguruan adierazpen publikoak ugaltzen ari dira azken orduetan. Oñatiko EAJk, udal gobernu taldeari elkarrizketaren alde egitea eskatzen dio atzo zabaldutako prentsa oharrean. Elkarrizketaren bide horretan jeltzaleak alboan izango dituela eransten da, eta Bilduk Elgeta, Azpeitia edota Zumaian hartu dituen erabakiak aintzat hartzea eskatzen da.

   Salaketak ere egiten ditu Oñatiko EAJk bere idatzian. Hondakin bilketa sistemaren aurka sinatu zuten 2.416 oñatiarrak kontutan ez hartzea leporatzen zaio alkateari, eta adostasunezko beste irtenbide batzuek ere aintzat ez hartzea, txip bidez kontrolatutako kontenedoreak jartzearena adibidez.

  Era berean, inolako azterketa ekonomikorik aurkeztu gabe zintzilikarioak ipintzen jarraitu izana salatzen du jeltzaleen oharrak. Eta bereziki larritzat jotzen da, indarrean dagoen hondakin bilketa aldatu eta atez atekoa ezartzeko plenoko erabakirik ez dela hartu oraindik. Adierazpen guzti hauek, esan bezala, prentsara bidalitako ohar bidez zabaldu ditu Oñatiko EAJk.

  Atez atekoarekin jarraituz esan bestalde, Foru Aldundiko teknikoak Oñatin egon zirela atzo, monumentu izaera duen erdi gunea bisitatu eta zintzilikarioak jartzeko proposamenak tokian ikusten. Udal gobernu taldeak zehaztutako kokapenak, erdi guneak duen babes figurarekin bat datorrela ondorioztatu dute.
Aldeko iritzi hori jaso ondoren hasi dira gaur bertan, erdi guneko kaleetan hondakinen frakziokako bilketa egin ahal izateko esekitoki edo zintzilikarioak jartzen.

  Guzti honen berri eman, hiri hondakinen gaikako kudeaketaren inguruan orain arte egin diren lanen balorazioa azaldu eta hurrengo urratsak aurreratzeko prentsaurrekoa deitu da bihar goizerako.

  Aurretik, gaur arratsalderako beste deialdi bat zabaldu da. Kasu honetan, Atez atekoaren kontrako plataformek deitu dute. Bertan, Oñatikorik ez baino Bergara, Arrasate, Eskoriatza eta Aretxabaletako ordezkariak izango direla iragarri digute.

Iturria: Oñati irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!