Oñatiko udala

Bi mozio aurkeztuko dira arratsaldeko Osoko Bilkuran.

2014/09/25
Kutxabanken izaera publikoa eta soziala bermatzearen aldekoa batetik eta alkatearen aukeraketa zuzenaren proposamenaren aurkakoa bestetik.

  Mozio idatzi hauek, ohitura denez, Osoko Bilkuraren lan zerrendako azken puntuetan jaso dira. Aurretik, beste hiru gai azalduko dira. Hiru gai horiek, tramitezkoak direla esan genezake, printzipioz aparteko eztabaidarik sortuko ez dutenak: udal artxiboan gordetzen diren zenbait dokumenturen espurgoa, bi langileren antinakotasuna errekonozitzeko eskaera eta Olaburuko lokal baten kontratu amaiera dira gaurko lan zerrendan jaso diren hiru gai horiek.

  Horren jarraian, bi mozio idatzi aurkeztu eta onartzea proposatuko da. Alkatearen aukeraketa zuzenerako proposamenaren ingurukoak udalbatza osatzen duten bi alderdien adostasuna du eta ondorioz, aho batez onartuko dela dirudi. Kutxabank-en ingurukoak ordea, eztabaida sortu dezake, EH Bilduk, bakarrik aurkeztu baitu.

  Bilduko udal taldearen babesa duen mozio idatziak bertako herritar eta ekonomiaren mesedetan arituko den Kutxabank-en finantza ildo eraberritua aldarrikatzen du. Kutxa eta Kutxabank-en izaera publiko eta soziala bermatzeko beharrekoak diren neurri eta erabakiak hartzeko borondate eta prestutasun irmoa azaltzen du eta Kutxako batzarrari eskatzen zaio Diputazioak proposatu duen eskualdatze prozesua martxan jarri dezala, Kutxa banku-fundazio bihurtu ez dadin eta izaera publiko eta soziala bermatzen jarraitu  dezan.

  Mozio honek, esan bezala, EH Bilduren hasierako babesa du soilik. Ikusi egin beharko da beraz, jeltzaleek zein iritzi duten.

  Osoko Bilkura, arratsaldeko 7 eta erdietan hasiko da.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!