Bertsolari Txapelketa nagusiko zortzi finalistak Oñatin arituko dira Errege Bezperako ohiko jaialdian.

2013/12/02
Card image cap
Bertso eskolako ordezkariek konfirmatu berri digute Barakaldoko BECen arituko den zortzikotea, urtarrilaren 5ean Zubikoa Kiroldegian arituko dela.

  Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Igor Elortza, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Beñat Gaztelumendi, Unai Iturriaga eta Aitor Sarriegi Oñatin izango dira Errege Bezperako bertso jaialdian.

  Ohikoa baino bertsolari kopuru handiagoa izaki eta noski, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala jokatuko dutenak izaki, errege bezperako saioa berezia izango dela aurreratu digute bertso eskolakoek. Dagoeneko, ari dira aurtengo finalistei jarriko dizkieten ariketak zehazten.  Baina beste xehetasun batzuk ere zehaztu beharko dituzte: sarrerak zenbatean eta aurrez salgai jartzekotan non jarriko diren, besteak beste.

  Oraingoz aurreratu genezakeena da Errege Bezperako bertso saioa Zubikoako kiroldegian gaueko 10.30tan hasiko dela eta bertsotan, hiru aste lehenago, abenduaren 15ean BECen arituko diren txapelketa nagusiko 8 bertsolari finalistak izango direla: Lujanbio, Arzallus, Elortza, Colina, Mendiluze, Gaztelumendi, Iturriaga eta Sarriegi.

  Barakaldoko finalerako sarrerak aspaldi agortu zirela kontutan hartuta, Oñati eta inguruko bertsozaleek gustura hartuko dute han arituko den zortzikotea Zubikoan entzuteko aukera hau.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!