Benito Lertxundiren doinuak Ganbara Txikik eskainiko duen Bazkide Kontzertuan

2016/05/03
Card image cap
Maiatzaren 15ean izango den emanaldirako sarrerak eskuragarri daude Txokolateixian

  Ganbara Kantu Eskolak, 2014an Kultura elkarrekin egitasmoa abian jarri zuenetik, bazkideei eskainitako kontzertu berezia egin da urtero. Aurten, Ganbara Txiki Abesbatzako kideek Benito Lertxundiren doinu klasikoak kantatuko dituzte. Ganbara Txiki Abesbatzak ganbara orkestra baten laguntza izango du Bazkideen Kontzertuan. Guztira, 50en bat lagun arituko dira. aipagarria da gainera, abesti askotan bakarlariak arituko direla.

  Kultura elkarrekin Ganbararen proiektua sendotzeko asmoz sortu zen ekimen berezia da eta helburua, finantzazio pribatua lortzea. Gaur egun, 92 bazkide dituzte, horietatik 23 azken urtean egin direnak, eta asmoa, 2020rako 150era iristea da. Oñatiko Udala eta ULMA ohorezko bazkide dira. Bazkideen laguntza eta babes hori eskertuz, eurei zuzendutako kontzertua egiten dute urtero Ganbarako taldeek. Aurtengoa, maiatzaren 15ean izango da, 19:00etan, Mikel Goiaingeruaren Parrokian. Hala ere ez da bazkideentzako bakarrik izango, gainontzeko herritar eta zaletuek ere bertaratzeko aukera izango dute. Horregatik, gaurtik aurrera jada, sarrerak salgai jarri dituzte Txokolateixian. Salneurria, 8 €.

  Egitasmoa aurkezteko eman den prentsaurrekoan, urteko balantzea ere egin dute Aitor Biain eta Oihana Diazek, Ganbara Kantu Eskolako ordezkariek, balantze positiboa. Ganbara Abesbatzak, hamar kontzertu egin zituen iaz, eta beste zazpi ekintza ezberdinetan parte hartu zuen; nazioarteko lehiaketa batean hiru sari irabazi zituen. 2016rako, berriz, bederatzi ekitaldi egin edo lotu ditu dagoeneko eta udazkenean Burgosko lehiaketan parte hartuko du. Ganbara Txikik bestalde, hamar kontzertu eman zituen iaz eta Altxorraren uhartea ikuskizunaren DVDa grabatu zuen. Aurten jada Argiaren Hotsa eta Arratoiak ikuskizunak eginda eta Pinotxo lan berria prestatzen ari dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!