Batzokiaren kontrako erasoa deitoratu du EAJk

2016/02/22
Paretan pintada egin eta ate parean gorotzak bota zituzten zapatuan

  Beldurtzeko intentzioz besteen ondasunak kaltetzea biolentzia dela dio Oñatiko Uri Buru Batzarrak zabaldu duen prentsa oharrak eta iritzi ezberdina dutenekiko errespetua eskatu du. Oharra, Batzokiari egindako erasoaren haritik dator. Izan ere, zapatuan, Batzokiko horman Kortxoenea, Ezpala... PNV gaztetxeen etsai zioen pintada egin zen eta sarreran animalia gorotzak bota ziren.

  Belaunaldi berriek biolentzia barneratuta dutela ikustea larritzekoa dela dio jeltzaleen idatziak eta bakea eta bizikidetzaren inguruan Ezker Abertzalearen munduak oraindik pedagogia behar handia duela gaineratzen da. Ezker abertzaleari bigarren aipamen bat ere egiten zaio pentsa-oharrean, desberdin pentsatzen dutenen aurka egiteak nora daraman hausnartu dezala eskatuz.

  Batzokiak zapatuan jasan zuen erasoa, EAJri solik ez baizik eta herri osoaren bizikidetzari eragiten diola dio udal talde jeltzalearen idatziak. Herri batean iritzi desberdinak egon eta horiek errespetatzeak bizikidetza aberasten dutela eransten da eta horregatik errespetua eskatzen du EAJk. Oñatiren alde, beren ideiak beldur barik defendatuz eta errespetuan oinarritutako bizikidetza baten aldeko jarreran berretsiz lanean jarraituko dutela esanez amaitzen da EAJren udal taldearen prentsa oharra.

Iturria: Oñati Irratia

Pintada Batzokian