"Baratzeko pikua" jolas gunea prestatzeko lanak hasi berri dira

2018/10/26
Bi hilabeteko epea izango du Ugarte enpresak San Martingo jolas gune interaktiboa egokitzeko

Baratzeko pikua izeneko egitasmoa Olaran paisaia proiektu orokorreko zati da. San Martin auzoan haur eta gaztetxoei zuzenduta hainbat elementu interaktibo bilduko dituen gunea sortzea da helburua. Horretarako auzoko erdigunean dagoen espazioa egokituko da. 18 eta 20 etxe blokeen artean hutsik dagoen orubean jolas gune alternatiboa sortuko da. Lehen hondeatze lanak egiten hasi dira jada.

  Jolas gunera goiko plazatik sartu ahal izango da, bertan dagoen baranda  etenaz. Txirrista baten bidez, edo honen alboetan egokituko diren egurrezko eskaileretatik, iritsiko dira haurrak jolas gunera. Bi zoladura mota izango ditu parkeak: jolaserako guneak hareaz estaliko dira eta gainontzekoa pinu-azal txikituarekin osatuko da. Espazioaren erdian ur-iturri bat jarriko da, eta iturriaren inguruan forma borobileko asfaltozko gunea egongo da, eta bertan, kare-harri handiak jarriko dira, zirkulu kontzentrikoak irudikatuz, kromlech baten moduan. Hauen inguruan neumatiko handiak egongo dira, batzuk hutsik, eta besteetan lore usaindunak landatuko dira. Baina landare berezi horiez gain hainbat fruta-arbola ere landatuko dira, gaztetxoek fruta zuhaitzetik zuzenean hartu eta jateko aukera izan dezaten. Horren harira jarri zitzaion jolas guneari Baratzeko pikua izena. Jolas gunean rokodromoa eta beltzez margotutako pareta ere prestatuko da, arbel erraldoi moduan erabili ahal izateko.

  Errepide aldeko espaloitik ere egongo da jolas gunerako bigarren sarrera bat. Lur tontorrek mugatuko dute sarrera hau eta pergola moduko bat eratuko da, landare igokariz estalita, haurrek gordeleku moduan erabili dezaten. Haurren sormena sustatu eta natura nahiz gaztetxoen artean interakzioa lantzeko aukera emango duen espazioa prestatzea da asmoa.

  Lanek, ia 164.500 euroko aurrekontua dute eta bi hilabeteko epean egin beharko dira. Ugarte enpresako langileak pasa den astean hasi ziren "Baratzeko pikua" jolas gune interaktiboa izango dena prestatzeko lanak egiten.

Iturria: Oñati Irratia