Auzo ekarpen guneen kokapena azaltzen duten kartelak Santa Anako sarrerakoan jarriko dira gaur.

2013/05/03
Herri-gunean zintzilikarioak non jarriko diren adierazten duen erakusketa osatuko da horrela.

  Asteartean ireki zen hondakinak atez ate batu ahal izateko zintzilikarioen behin betiko kokapena azaltzen duen erakusketa. Herria zonaldeka banatuta, zintzilikarioak gunez gune non jarriko diren ikusi daiteke. Horretarako, guneetako argazki orokorrak prestatu dira eta zintzilikario taldeen kokaleku konkretuen argazkiak.

  Santa Ana aretoko sarrerakoan dagoen erakusketan, hondakinen bilketarako erabiliko diren beste elementu batzuk ere ikusi daitezke: zintzilikario pare bat eta hondakinak frakzioka ateratzeko kolore ezberdinetako kuboak eta plastiko horiak ere bai.

  Pasa den otsailean herritarrekin egin zen informazio bileretan jakinarazi ziren zintzilikarioak jartzeko udalak proposatutako kokapenak. Hainbat bizilagunen ekarpenak jaso ziren ondoren eta horiek aztertu eta baloratuta, onartutako behin betiko kokapena da erakusketan azaltzen dena. Ekarpenak egin zituzten herritarrei beren proposamenen inguruan hartutako erabakia telefonoz ere jakinarazi zaie. Eta egun hauetan jada, zintzilikarioak non jarri, kaleetan markatzen ari dira.

  Baina asteartetik ikusgai dagoen informazio hori osatu egingo da gaur, auzoetan gertatuko diren ekarpen guneak non jarriko diren azaltzen duen materiala ere jarriko baita.

  Atez atekako hondakin bilketa sistema herri-gunean egingo da soilik. Landa auzoetan, ekarpen guneak izango dira. Auzotarrak, dagokion ekarpen guneko giltza izango du eta hondakinak, behar bezala sailkatuta, bertara eraman beharko ditu. Auzo bakoitzean ekarpen gune ezberdinak gertatuko dira, hainbat baserri edo etxeetako bideen elkarguneetan eta beti ere, auzoko errepidetik hurbil bilketa errazteko.

  Auzo ekarpen gune hauen kokapena auzo alkateen foroan adostu zen, auzotarrekin kontsulta egin ondoren.  Auzoetako ekarpen guneen informazioa panelen bitartez adieraziko da baita ere. Horrela, auzotar bakoitzak bere etxeari dagokion ekarpen gunea non kokatuko den ikusi ahal izango du.

  Santa Ana aretoko sarrerakoan dagoen erakusketa hau, goizetik gauera zabaltzen da.

  Gogoratu bestalde, datorren astean hasiko direla atez ateko bilketa sistemaren inguruko bigarren bilera erronda. Batzarretan, frakzio bakoitzeko bilketa zein egun eta ordutan egingo den, kubo eta poltsa horien banaketa nola egingo den eta herritarrek egindako ekarpen ezberdinei zein erantzun eman zaien argituko da. Lehen bilera, astelehen arratsaldean ETEOn egingo da, baina bi astetan 12 bilera izango dira, herritar bakoitzak egoki datorkion leku eta ordutan joateko aukera izan dezan.

Iturria: Oñati irratia