Autobus zerbitzu publikoa murriztearen kontrako sinadura bilketa abiarazi du udalak

2017/10/30
Card image cap
Foru Aldundian aurkeztuko den eskaera ahalik eta herritar gehienen babesaz eramatea da ekimenaren helburua

  Sinadura orriak udaletxeko sarreran jarri dira herritarren eskura. Oñatiarrek garraio publiko duina izateko eskubidea dutela eta bailara barruko bidaia motzetan autobus aldaketak egin beharra ez dela kalitatezko garraio sistema adierazten da sinatzea proposatzen idatzian. Eskaera konkretua ere egiten da, urri hasieran indarrean sartu ziren aldaketen aurreko autobus zerbitzuak berreskuratzea, edo gutxienez, lan eta eskola sarrera eta irteera ordutan Bergara, Aretxabaleta eta Eskoriatzara lotura zuzenak bermatzea.

  Gaur abiarazi den sinadura bilketa osteguneko Osoko Bilkuran onartu zen mozioan jaso zen, herritarrei proposatzen zaizkien adierazpen-eskaera horiekin batera. Autobus zerbitzu publikoaren inguruko mozioa EH Bilduk aurkeztu zuen eta koalizioaren aldeko botoz atera zen aurrera, EAJk kontra bozkatu zuen. Ezezko boto hori azaltzerakoan, proposatutako edukiarekin ados egonagatik, gaia mozio bidez bideratzeko prozeduraren aurka zeudela esan zuen Lourdes Idoiagak. EAJ udal gobernuan zegoenean ere garraio publiko egoki baten alde borrokatu beharra izan zutela adierazi zuen eta orduan, eskaerak nonahi eta noiznahi baina beti arduradunei zuzenean azaldu zitzaizkiela gogoratu zuen. Oraingoan ere, mozioen bidea utzita, gaia zuzenean Foru Aldundiarekin tratatu behar zela esan zuen bozeramale jeltzaleak.

  Irati Etxeberria zinegotziak, orain arte halaxe egin dela eta bera pertsonalki diputatu arduradunarekin behin baino gehiagotan elkarrizketatu dela argitu zuen. Eta azken bileran jaso zuen erantzuna ere aipatu zuen, alegia, urri hasieran indarrean sartu ziren aldaketak baloratzeko goizegi zela. Gaia zuzenean dagokionari berriro eskatzeko asmoa badagoela argitu zuen Etxeberriak baina herritarren sinadura babesarekin indar gehiago egin ahal izango dela gaineratu zuen. Hala, mozioa onartuta, bertan aurreikusten zen herritarren sinadura bilketa gaur abiarazi da. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!