Aurtengo San Migel jaiei buruzko prentsa oharra

2020/07/28
“Jaixak” kontzeptuaren bigarren esanahiarekin geratzea dagokigu, bereziki kultur eta sormen jarduerak bultzatu eta bideratzeko garaia bizi dugulako.

  Aurtengo jaiak zer izango diren hausnartzeko lanketa-prozesua ipini du martxan Oñatiko Udalak. Ekainetik uztailera zenbait Jai Batzorde ireki egin dira, eta bilera horietan herriko hainbat eragilek parte hartu dute: Haurren eta Nagusien Danborradak, Nekazari Elkarteak, Margo taldeak, Taloen postuko ordezkariak, Artzain Txakur Txapelketako ordezkariak, Txosna Batzordeak, Sareko ordezkariak eta Udaleko ordezkari politikoek. Gerora, bileretara azaltzerik izan ez duten beste eragile batzuekin telefonoz edo aurrez aurreko harremana ere egin da. 

  Hausnarketa horretan, jaietan egingarri diren jarduerak identifikatu dira. Adibidez, Musika Banda edo Txistularien kalejira eta kontzertuak, Kiroldegiko Bertso Jaialdia, adin guztietarako antzerki edo musika ikuskizunak, Kirol txapelketak edo partidak, Gazteria saileko ekintzak. Jarduera horiek, uneoro, legeak ezarritako segurtasun-neurriak eta protokoloak bermatuta izango dituzte. 

  Segurtasun-neurriak ardatz izanda, eta unean uneko dekretuari jarraituz, sortzaileen, antolatzaileen zein herritarren segurtasuna bermatuko da, eta antolatuko ekintza guztietarako idatziko da protokolo-txostena. 

  Baina jarduera eta ekitaldi batzuk bertan behera geratuko dira, jende-pilaketak saihestea ezinezkoa delako. Aurten, esaterako, Herri Eguna, Erroxarixo Bixamona edo Herri Eguneko talo taberna ezingo dugu egin, ezta jendea erakartzen duten kalejirak, dantzak, barrakak, sokamuturrak eta zezenak eta Haur eta Helduen Danborrada ere. 

  “Jaixak” kontzeptuaren bigarren esanahiarekin geratzea dagokigu, bereziki kultur eta sormen jarduerak bultzatu eta bideratzeko garaia bizi dugulako.

  Bestalde, ekitaldien berri emateko ez dugu jaietako egitarauaren liburuxkarik izango. Ekimenak Udalaren webgunean, sare sozialetan, Irratian eta Kontzejupetik aldizkarian eta kartel eta esku-orrietan aurkeztuko ditugu.

  Laburbilduz, aipatzekoa da kultura sustatzeko asmoarekin Oñatiko eragileok elkarlanean jardun dugula jarduera egingarriak zehazten eta bultzatzen. Gura dugu herritarrek kultur eskaintza izatea, berme guztiekin, eta beharrezko diren segurtasun-neurri guztiak hartuta. Hortaz, aurreko urteetan ez bezala, aurten kontratazioak eta egitaraua irailean lotuko dira.  

  Hurrengo bilera irekia irailaren 8an izango da, arratsaldeko 18:00etan, kultur Etxeko Zinema Aretoan. Helburua izango da aurreko bileretan zehaztu eta adostutakoa aintzat hartuta Udalak proposamen bat aurkeztea eta denon artean proposamen hori aztertzea eta adostea.

Oñatiko Udala