Atzeko kaleko jaixetako txosnan lapurreta egin zuten zapatu gauean.

2016/09/13
Lapurrak ezagutu eta salatu dituzte.

 Horixe da jai batzordeko kideen esanetan aurtengo jaiek izan duten puntu beltz bakarra. Bestelakoan, eguraldi ona lagun, inoiz baino jende gehiago ibili baita Atzeko kaleko jaixetan.

Lapurreta larunbat gauean, Imuntzo eta Belokiren erromeria garaian gertatu zen. Txosnako arduradunak despistatu zeuden momentu batean lapurrak 50 euroko billeteak zeuden basoa hartu eta korrika alde egin zuen. Batzordeko kideak berehala ohartu ziren eta beste batzuen laguntzarekin atzetik jarraitu zieten harrapatzerik lortu ez bazuten ere. Baina ezagutu zituzten. Eskualdeko gazte batzuk ei ziren eta halaxe salatu zituzten Ertzaintzaren komisaldegian. Ertzainek ere ezagutzen omen dituzte, lapurretan egiten duten lehen aldia ez zelako. Horretxegatik, kontuz ibiltzeko mezua zabaldu dute Atzeko kaleko jai batzordetik. TXANDA dendarien elkarteko kideen artean arretaz ibiltzeko oharrik zabaldu da.  

Lapurtutakoari buruz bestalde, asko ez zela izan adierazi digu jai batzordeko ordezkari batek. 50 euroko billeteak pitin bat pilatzen zirenean erretiratu eta etxera eramateko ohitura baitute.

Bestelakoan, esan bezala, eguraldia lagun, iragarritako ekintza guztiak normaltasunez eta partaidetza handiz gauzatu zirela azpimarratu dute Atzeko kaleko jai batzordeko kideek. Horregatik, oso pozik agertu dira.

Iturria: Oñati irratia

Atzeko kale (goiena.eus)