Astelehenean berrekingo diete pentsio duinak eskatzeko elkarretaratzeei herriko jubilatu eta pentsionistek

2021/01/08
Hiru urte beteko dituzte astelehenero plazara irteten

  Hiru urte dira jada herriko pentsionistak astelehenero elkarretaratzeak egiten hasi zirela. Hiru urteko tarte horretan Oñatin ez ezik, Donostian, Gasteizen edota Madrilen egin diren mobilizazioetan ere parte hartu izan dute eta pandemiak hala eraginda, eten luze xamarra egin behar izan zuten udaberrian. Baina indartsu itzuli ziren ekainean eta hala egingo dute astelehenean berriro, Gabonetako etenaren ondoren. Gainera, azaroan elkarretaratze hitzordu bikoitza egiten hasi ziren eta asteleheeneroko plazako bilkurei, hileko azken ostiraletan Olakuan elkartzeari ekin zioten. Elkarretaratze guztiak 12:00tan egiten dituzte.

  Hiru urte pentsio duinak eskatuz, Eskubide Sozialen Kartak jasotzen duen bezala. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa indarrean jartzea eta euskal pentsio sistema publikoa aldarrikatuz, osasun eta asistentzia zerbitzu publiko eta unibertsal sendo baten premia plazaratuz, Toledoko itunaren inguruan hartu diren azken erabakiak salatuz, orain aste batzuk dela manifestazio bidez egin zuten bezala. Horren haritik, herrialdeka manifestazio berriak egiteko deialdia zabaldu da otsailaren 13rako. Toledoko itunaren erreformaren kontra protesta egiteko manifestazioak deitu dira Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñean, otsailerako, esan bezala. Deialdi honen inguruko argibideak eman eta Oñatiko pentsionisten iritzia jasoko da asteleheneroko elkarretaratzeetan eta modu bateratuan joan ala ez ere bertan erabakiko dute.

  Pentsio duinen aldeko hurrengo elkarretaratzea, Gabonetako etenaren ondorengo eta urteko lehena, astelehenean izango da, 12:00tan plazan.

Iturria: Oñati Irratia

Pentsionisten iazko azken elkarretaratzea