Arrikrutz-Oñatiko kobaren 10. urteurrena ospatzeko ekintza bereziak antolatu dira ekaineko lehengo bi larunbatetan

2017/05/22
Arrikrutzeko lehoia izango da ospakizunen ardatz nagusia

Ekainaren 7an beteko dira 10 urte Arrikrutz koba turismorako zabaldu zela. Egun seinalatu horren aurreko eta ondorengo larunbatetan izango dira ospakizunak, beti ere, bertan topatu zen lehoi hezurdura ardatz hartuta.

  Ekainaren 3an, indusketa tailerrak eta oñatiarrentzat bisita bereziak egingo dira. Indusketa tailerrak 11:00etan eta 16:00tan egingo dira Arrikrutzeko harrera etxean. Indusketa bat nola egiten den eta Arrikrutzeko  lehoia nola aurkitu zen azalduko zaie bertaratzen direnei. Tailerrak euskaraz eta doan egingo dira baina plazak mugatuak direnez, izena aurrez eman beharko da. Beste horrenbeste egin beharko dute egun berean Arrikrutzeko koba bisitatu nahi duten oñatiarrek. 11:00etan, 12:00tan, 13:00tan, 17:00etan eta 18:00etan koba prezio berezian, 3 €tan, ikusteko aukera emango zaie herritarrei.

  Arrikrutzeko lehoiaren hezurdura 1966an aurkitu zen. Estatuan topatu den kobetako lehoiaren hezurdura oso bakarra da eta Europako bigarrena. Hezurduraren kopia turistek bisitatzen duten koba zatian ikusi daiteke Arrikrutzen, baina originala, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan, Gordailuan dago. Eta hura ere ikusi ahal izango dugu oñatiarrok, ekainaren 10erako Gordailura bisita antolatu delako. 

  Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroa Irunen dago eta bertara bisita berezia antolatu da. Gidaria Asier Gomez paleontologoa izango da. Euskal Herriko Unibertsitateko ikerlariak pleistozenoko lehoiaren inguruko argibideak emango ditu eta Oñatin topatu zen lehoia bertatik bertara ikustera eramango ditu bisitariak. Aldi berean, Gordailuan dauden beste altxor batzuk ere ikusi ahal izango dira. Ekainaren 10ean izango den bisita gidatu berezi honetarako autobusa antolatu da Oñatitik. 9:00tan irtengo da postetxe aurrealdeko geltokitik eta 14:30tarako bueltan egongo da.

  Ekainaren 10eko ekintza berezi horretarako izena turismo bulegoan eman ahal izango da bihartik aurrera  Plazak mugatuak dira, autobusa bete arte, eta 5 € ordaindu beharko da autobus txartelaren truke. Ekainaren 3rako antolatu diren tailer eta bisita berezietarako ere, izena, bihartik aurrera eman ahal izango da Arrikrutzeko erreserba zenbakian, 943.082000. 

Iturria: Oñati Irratia