Oñatiko udala

Arrikrutz eta Oñatiko turismo eskaintza Donostian asteburuan egingo den SEVATUR azokan izango da.

2013/03/16
“Gipuzkoa berdea” eskaintza orokorrean, Arrikrutz-ko koba, Debagoienako jardunaldi gastronomikoak eta “ezkutuko altxorrak” bisita gidatu bereziak zabalduko dira.

  Hurbileko publikoa, gipuzkoarra edo inguruko herrialdetakoa erakartzea da Donostiako SEVATUR azokan parte hartzearen helburua. Edozein asteburutan Oñatiraino hurbilduko den bisitaria erakartzea. Horretarako ez da aparteko eskaintza berezirik gertatzen baina une honetan, Oñatin dagoen guztiaren berri ematen saiatzen dira. Hala, Arrikrutz-ko koben foiletuak  lau hizkuntzetan eraman dira Donostiara, baina mankomunitatearen eskutik indarrean diren turismo eskaintza bereziak ere ezagutu ahal izango dira. Hara nola, apirilaren 7ra arte luzatuko den Debagoienako XIII. Jardunaldi gastronomikoen eskaintza edota, Urola erdi eta garaia eskualdeekin elkarlanean landu den “ezkutuko altxorrak” bisita gidatu bereziak. Bietan, Oñatik parte hartze zuzena du. Izan ere, jardunaldi gastronomikoen baitan, Etxe Aundi, Soraluze eta Goiko Benta jatetxeek propio osatutako menu bereziak eskaintzen dituzte, baina Gomiztegi baserrira bisitak ere egin daitezke.

  “Ezkutuko altxorrak” bisita gidatuen eskaintzan berriz, Debagoiena, Urola Garaia eta erdia eskualdeetan dauden bitxi arkitektoniko bereziak ezagutzeko aukera ematen duten bisitak jaso dira. Ekaina erdialdera arte luzatuko den eskaintza honetan, zapatu, domeka eta Aste Santuko jaiegunetan, hiru eskualdeetan barrena ibiltzeko proposamen konkretuak egiten dira. Oñatin, Sancti Spiritus unibertsitateko kapera da ezagutzea proposatzen dena.

  Oñati eta Debagoieneko turismo eskaintza, mankomunitateko turismo arduradunaren eskutik eraman da Donostiara.

  SEVATUR azoka Kursaalean egokitu da eta gaur, bihar eta etzi, goiz eta arratsaldez irekiko da: 10.30-14.30 eta 16.00-20.30

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!