Arartekoak itxitzat eman du Kale Zaharreko zirkulazioaren inguruko kexa espedientea

2016/04/27
Egoera hobetzeko hainbat gomendio egin dizkio Udalari

  Kale Zaharreko zirkulazioa dela eta, hainbat bizilagunek Arartekora jo zuten. Auzotarrak kexu ziren, oinezkoentzako egokitutako kalean debekatutako hainbat praktika izaten direlako, bizilagunen segurtasuna arriskuan jarriz. Bizikletak noiz nahi pasa eta aparkatzen direla eta autoak ere, etxe sarreretan aparkatuta, bizilagunen eta oinezkoen bidea oztopatzen dutela adierazten zuten. Egoera hobeto ezagutu asmoz, Arartekoak Udalera jo zuen informazio bila eta hori eskutan, gaiaren inguruko espedientea itxitzat ematea erabaki duela jakinarazi du. Baina aldi berean, egoera hobetzeko hainbat gomendio ematen dizkio Arartekoak Udalari.

  Arartekoak azaltzen duenez, herri barruko trafikoa zuzendu eta kontrolatzeko eskumena Udalei dagokie. Eta edozein salaketa edo lege hauste zaindu eta zigortzea, udaltzainei. Kale Zaharrean indarrean den udal ordenantza bete arazteko eta zirkulazioa baimendutako ordutegian dendetako zamalanak egin behar dituzten ibilgailuei bakarrik baimentzeko ikuskapen neurriak indartzea gomendatu da. Zentzu horretan, 2 urtetan 78 isun jarri izana ez dirudi nahikoa dela, auzotarren esanetan, arazoak bere horretan jarraitzen baitu. Are gehiago, kalearen oinezko erabilera bermatzeko neurri eraginkorragoak hartzea gomendatzen zaio Udalari. Hala, kamara bidezko sarbide sistema automatikoa edo antzerako konponbideren bat hartzea aholkatzen zaio.

  Kasualitatez, Udalak aurrez jada, halako sistemaren bat jartzeko aukera aztertzen ari zen. Kale Zaharrerako ez ezik, Atzeko Kalean ere, trafikoa erregulatzeko, halako sistema automatizatu bat jartzeko bidea aztertzen aritu dira udal arduradun eta teknikoak. Beraz, Arartekoaren gomendioak eta Udalaren asmoak bat datoz.    

Iturria: Oñati Irratia